Buruz buruko txapelketan, aurreko asteburuan jokatu zituzten lehen jardunaldiko hiru partida. Laugarrena, Laso eta Altunaren artekoa, atzo izan zen, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Kantxan agindu egin zuen Altuna III.ak, eta erakustaldia emanda irabazi zion egungo txapeldunari (9-22).
Partida ederki hasi zuen Lasok, sakez min egiten eta eskuinarekin gozatuz. 5-2 aurreratu zen, baina Altunak sakez zabalera egindako bi tantok erabat aldatu zuten dinamika. Tanto gogor batzuk jokatu zituzten jarraian, baina amezketarraren alde erori ziren guztiak. Neurketa borobila egin zuen, eta ez zion aukerarik eman Lasori. Hamasei tanto egin zituen, eta bakarra galdu. Baikoko pilotariak aitortu zuenez «dena perfektu egin du».
Datorren larunbatean Elezkano II.aren aurka jokatuko du Lasok, Iruñean. Igandean, berriz, Altunak eta Elordik Eibarren jokatuko dute. Lehen jardunaldian, A multzoko beste partidan, 22-19 irabazi zion Elordik Elezkanori.
Txakalaldia Jakak
Bi partida desberdin ikusi ziren larunbat arratsaldean Labriten. Peio Etxeberriak 22-12 irabazi zion 9-2 aurreratu zen Erik Jakari. Lizartzarrak hasiera bikaina izan zuen, sakearekin asmatuta. Aspekoak, baina une txarretan sufritzen jakin zuen, eta markagailua irauli zuen berehalako batean. Jakak sufritu egin zuen frontoian. Txakalaldi izugarria izan zuen, eta berak ere ez zion arrazoirik aurkitu partida amaitzerakoan.
Larunbateko emaitza horrek, gainera, zenbait kontu argitu zituen. Porrotarekin buruz burukoan aurrera egiteko aukerarik gabe gelditu da Jaka. Peio Etxeberriak, berriz, Joseba Ezkurdiaren aurka jokatuko du finalerdietara sailkatzeko partida. Gauzak horrela, azken jardunaldian gertatzen dena gertatzen dela, B multzoko lehen postuan sailkatuko da Dario finalerdietara.