Tolosaldeko EAJk maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan alkategai izango diren hautagaiak aurkeztu ditu Tolosako Alondegi plazan egindako agerraldian. Tolosako hautagai jeltzalea Xarles Iturbe izango da, Amasa-Villabonakoa Eneko Urdangarin, Ibarrakoa Rodrigo Vilar, Zizurkilgoa Maije Zelaia, Anoetakoa Nuria Carbonell, Irurakoa Gorka Sagarna, Asteasukoa Aitziber Egaña eta Ikaztegietakoa Anton Elosegi. Egungo Tolosako alkateak Olatz Peonek zabaldu du ekitaldia: "Etorkizuna gidatzeko alkategai ezin hobeak ditugu. Eskerrik asko erronkari eusteagatik. Ilusioa, indarra eta determinazioa duzue".
Hautagaiek hartu duten konpromisoan jarri du indarra Peonek eta hitza eman dio bere lekukoa hartu eta Tolosan EAJren alkategai izango den Iturberi. Honek adierazi du azken urteetan herria asko aldatu dela eta herritarren bizi kalitatea nabarmen hobetu dela. "Eraldaketa sakon horren atzean apustuak daude, apustu estrategikoak EAJk egindakoak: Apatta industriagunea, auzo berrien garapena, adineko pertsonen egoitzak, gaztentzako bizitokiak...". Iturberen esanetan, alderdi jeltzaleak urteetan egindako "lan mardulari" eta hartutako erabakiei zor zaizkie aurrera pauso horiek.
Tolosak aurrera egiten jarraitzeko apustuak egiten segituko duela aipatu du EAJren alkategaiak: "Paralisia inoiz ez delako gure bidea izan. Ez da gure eredua. Pausoz pauso lanean jarraitzea, herritarrekin elkarlanean. Hori da gure konpromisoa. Beste behin, hitza beteko dugu". Iturbek etorkizuneko Tolosa marraztu du, euskaltzalea, kulturalki bizia eta XXI. mendeak mahai gaineratu dituen berdintasunaren, aldaketa klimatikoaren eta jasangarritasunaren erronkei sendotasunez erantzuten asmatuko duena.
Mendoza eta Urkullu, Tolosan
Alkategaiak aurkezteko ekitaldian parte hartu du Eider Mendozak, Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagaiak. Bere hitzaldian Gipuzkoak dituen indarguneak aipatu ditu, baina gogoratuz agertokian badirela hainbat zailtasun, eta gipuzkoarrek badituztela zenbait kezka etorkizunaren inguruan. EAJren helburua hirugarren sektore sozialarekin batera Gipuzkoan eredu berri bat sortzea da Mendozaren esanetan: "pertsonalizatuagoa, komunitatearekin lotuagoa eta berrikuntzan oinarritua". Iñigo Urkullu lehendakaria ere Tolosan izan da EAJko alkategaiei babesa emanez. "Euskal eredua denon artean eraikitzen dugu, lan gogorraren bidez, gertutasunez eta inor atzean utzi gabe", esan du lehendakariak eta eredu horren ordezkariak erakunde ezberdinetan Euskadiren alde lanean ari diren pertsonak direla nabarmendu du. Haien konpromisoa txalotu du Urkulluk.