Eskualdeko hiru erremontistak, Erremontari Herriz Herri txapelketa berritzailean

Tolosaldeko Ataria 2023ko api. 22a, 07:57

Gaur hasiko da txapelketa Aizarnazabalen, eta Villabonan eta Amezketan txapelketako jardunaldi bana jokatuko dituzte. Odei Arregik, Jon Irazuk eta Aritz Eskuderok parte hartuko dute.

Erremontari saioaren olatua aprobetatuz, erremontea Galarretatik atera eta Euskal Herriko beste herri batzuetara zabaltzeko ekimen berritzailea aurkeztu zuen ostegunean Oriamendi enpresak: Erremontari Herriz Herri txapelketa.

Lehiaketa berritzailea da eta txapelketan Oriamendiko pilotari guztiek hartuko dute parte bi taldetan banatuta: A taldean Erremontari saioan ari diren pilotariak egongo dira eta B taldean Oriamendiko beste erremontista guztiak. Tartean izango dira Odei Arregi tolosarra, Jon Irazu adunarra eta Berrobin bizi den Aritz Eskudero andoaindarra.

Txapelketa Euskal Herriko bederatzi herritan barrena jokatuko da. Lehenengo jardunaldia gaur izango da, 18:00etan, Aizarnazabalen. Hurrengo larunbatetan, Zestoan, Amezketan, Orion, Beasainen, Altsasun, Villabonan (maiatzaren 27an) eta Hondarribian jardunaldi bana jokatuko dute. Finala Zumarragako Beloki frontoian jokatuko da ekainaren 27an.

Ezohiko formatua

Txapelketa honetan bikoteak ez dira finkoak izango, jardunaldi bakoitzean aldatzen joango dira eta pilotari bakoitzak puntu kopuru bat izango du. Gauzak horrela, zortzi jardunaldiren ondoren, pilotari bakoitzaren emaitzak kontuan hartuta (eginiko tantoen eta hutsegiteen kenketaren emaitza) bataz bestekorik onena duten lau erremontistek jokatuko dute talde bakoitzeko finala (bi aurrelari eta bi atzelari talde bakoitzean)

Pilotari guztiek partida kopuru bera jokatuko ez dutenez, (batzuek bi partida jokatuko dituzte eta beste batzuek hiru), tantoen bataz bestekoa egingo da finalistak aukeratzeko. Edozein arrazoi medio, erremontista batek partida bakarra jokatzen badu, ez du finalera iristeko aukerarik izango.

Joxe Mari Barrenetxea, enpresako ordezkariak azaldu zuenez, erremontea zabaltzea Oriamendiren helburu bat izan da beti. «Azkeneko bi urteetan Erremontari saioari esker Euskal Herriko etxe askotan sartzeko aukera izan dugu, oso emaitza onekin. Aurten ere Erremontariren hirugarren urtea aprobetxatuz aurrera pauso bat eman nahi izan dugu herriz herriko txapelketa antolatuz. Horrela, erremontea zuzenean ikusteko aukera ematen dugu eta pilotazaleei erremontea ikusteko aukera hurbiltzen diegu herri ezberdinetan». «Oriamendirentzat oso proiektu polita eta garrantzitsua da hau eta ziur gaude lehenengo txapelketa hau, hurrengo urteetan geroz eta zabalagoa izango dela. Hemendik animatu nahi genituzke jokatuko ditugun herrietako biztanleak erremonte jaialdia ikustera», gaineratu zuen.

Billabonatarrek doako sarrera, Galarretan

Billabonatar guztiek doako sarrera izango dute maiatzaren 29an, arratsaldeko 18:00etan, Galarretan jokatuko den Erremontari telesailaren grabaketa zuzenean ikusteko. Horretarako nahikoa izango da egunean bertan Galarreta frontoiko sarreran NAN erakustea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!