Maiatzaren 1aren bueltan hainbat mobilizazio antolatu ditu Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak

Ataria 2023ko apirilaren 20a

Eguerdian Iruñean izango den manifestaziora joateko autobus zerbitzua jarriko dute, eta arratsaldean, ekitaldia egingo dute Tolosako Euskal Pizkundea plazan. Aurrez, apirilaren 28an, hitzaldia izango da Tolosako Apaiz Etxean.

Datorren maiatzaren 1ean ospatuko den langile egunaren bueltan, zenbait ekitaldi antolatu ditu Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak. «Langile mugimenduaren historia iraultzailea omentzeko eguna» izanda, mobilizatzeko deia zabaldu dute. Apirilaren 28an, ostirala, Maiatzaren lehena eta antolakuntza independentearen beharra hitzaldia izango da Tolosako Apaiz Etxean, 18:00etan hasita.

Maiatzaren 1ean, eguerdian, Burgesiaren eta bere alderdien aurrean, alternatiba sozialista eraiki lelopean, manifestazioa egingo dute Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek, Iruñeko kaleetan zehar. Hara joateko autobusa antolatu dute; 10:15ean Villabonako kiroldegitik abiatuko da, eta 10:30ean Tolosako Santa Klarako geltokitik. Arratsaldean, ekitaldi bat egingo dute Tolosako Euskal Pizkundea plazan. Bestetik, mobilizatzearen arrazoiak azaltzeko, apirilaren 28an hitzaldi bat antolatu dute Tolosako Apaiz Etxean arratsaldeko 18:00tan.

«Sozialdemokraziaren erruz, Maiatzaren Lehena folklore egun huts bilakatu dela eta askok jaieguntzat hartzen dutela borroka eguntzat hartu ordez», salatu dute. «Egunetik egunera langile klasearen bizi baldintzak okertzen doazela garbi ikusten da: bizitzaren garestitzea, lan baldintzen, okertzea, gerra eta abar horren adierazpide izanik. Bien bitartean, parlamentuko alderdiek promesak eta ilusio faltsuak baino ez dituzte saltzen. Horren aurrean, alternatiba sozialista eraikitzea da gure hautua. Bankuko langile eta enpresari handien eraginetik kanpo jardutea, langileen interesak defendatuz eta hori guztia sozialismoaren norabidean kokatuta egitea da gure xedea, behin betikoz kapitalismoarekin eta horrek sortzen duen sufrimendu guztiarekin amaitzeko asmoz», gaineratu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!