Poesia ardatz hartuta, liburuen hilabetea ospatuko dute Tolosan

Jon Miranda Labaien 2023ko api. 20a, 07:58

Maiatzaren 26ra arte poesia liburuak maileguan eramateko gonbita luzatu diete liburuzainek erabiltzaileei; irakurketa partekatuz gero oparia lortu ahal izango dute irakurleek

Apirilaren 23a Liburuaren Nazioarteko Eguna izango da eta Tolosako udal liburutegian egun horri keinua egiteko ekimena jarri dute martxan. Liburuaren hilabetea deitu dioten horretan, poesia irakurtzeak saria dakarrela gogorarazi du Susana Larre liburutegiko arduradunak. Poesia liburu bat maileguan hartzeko eta hura iruzkintzeko proposamena luzatu diete erabiltzaileei. Maiatzaren 26ra arte parte hartzea erabakitzen duten irakurle guztien artean, herriko liburu dendetan erabiltzeko bost erosketa bonu zozkatuko dituzte.

Liburutegiko arduradunaren esanetan, «benetako saria» gehienetan oharkabean pasatzen den literatur genero hau deskubritzea izango da: «Bere garaian asko irakurtzen zen genero bat zen, baina, gaur egun, hemen liburutegian, poesia liburu gutxi mailegatzen dira. Erabiltzaileek maileguan eramandako 100 liburuetatik bi baino ez dira poesia liburuak. Badirudi jendeak beldurra diola generoari».

Ikusgarritasuna emateko poesia liburuen proposamenak eginez, interes gune bana jarri dute haur liburutegian eta helduen liburutegian eta tximeleten irudiekin apaindu. Eskaintza orekatzen saiatu dira liburuzainak eta hizkuntza ezberdinetakoak, egile eta garai diferenteetako liburuak proposatu dituzte. «Ekimenean parte hartzeko, hala ere, ez da derrigorrezkoa bertako liburu bat hartzea, besteren batek ere balio du», esan du Larrek.

Behin poesia liburua irakurrita prestatuta dauzkaten orrialdeetan haren inguruko iruzkina egin beharko dute erabiltzaileek: «Umeen kasuan idazten ez badakite marrazki bat egin dezakete, eta parte hartzaileei eskatuko diegu, baita ere, gustatu zaien poesia horietako bat idaztea orrialdean. Gure asmoa da, zati horiek hartu eta denekin horma-irudi bat sortzea. Gero ikusgarria den lekuren batean jarriko dugu gainerako erabiltzaileek ikus dezaten eta poesiarekin kutsa daitezen». Maiatzaren 26ra arte partekatu daitezke irakurritako poesiak eta maiatzaren 29an egingo dute zozketa parte hartzaileen artean.

IRAKURKETAK DIBERTSIFIKATUZ

Tolosako udal liburutegiko arduradunak esan duenez, «erronka» handi bat da martxan jarri dutena. «Uste dut irakurzaletasuna programa baten bitartez sustatu behar dela urte osoan zehar eta ez ekintza isolatu batekin bakarrik. Martxan jarritako ekimenek epe luzera ematen dute emaitza. Dena den, Liburuaren Nazioarteko Eguna bezalako datak baliatu behar ditugu keinu bat egin eta aukera aniztasun hori ikusarazteko. Kasu honetan, poesiara gerturatu nahi ditugu irakurleak». Larreren esanetan, apirilaren 12an ekimena martxan jarri zutenetik nabari dute mugimendua: helduen liburutegitik 14 poesia liburu eraman dituzte maileguan eta haur liburutegitik hiru.

«Aurretik komikiarekin egin genuen bezala, espero dugu ahalegin honekin irakurleek poesiara gerturatzea. Dena den, poesiari zuku guztia atera ahal izateko formazioa beharrezkoa da eta txikitatik egin behar da lan. Ikastetxeetan egiten ditugun bisitetan ikusten dugu umeek ez dutela poesia ezagutzen, baina aldi berean gustuko dituztela hitz jokoak eta errimak. Bide horretan sakondu behar dugu», esan du Tolosako udal liburutegiko arduradunak.

'EZ GALDU HARIA' EKIMENA PLAZIDA OTAÑON

Haur eta Gazte Literaturaren Egunaren harira abiatu zuten Ez galdu haria ekimena Aiztondoko Plazida Otaño liburutegian, eta orain, Liburuaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, proposamena helduengana zabaltzea erabaki dute. Arantxa Zabala liburuzainak azaldu duenez, gustuko dituzten bi liburu irakurtzeko gonbita luzatu diete liburutegiko erabiltzaileei.

«Irakurritako bi liburuen aukeraketa egitea eskatzen diegu irakurleei, gainerakoei iradoki diezaieten lan bat gustuko badute, bestea ere gustukoa izango dutela», esan du Zabalak. Irakurleak bi liburuekin argazkia atera eta Plazida Otañok sare sozialetatik zabaltzen du proposamena. «Irakurketaren haria ez galtzeko gonbidapena da».

Bide batez, bihar, Erniobea institutuan Plazida, oihartzunaren plaza album ilustratua aurkeztuko diete DBH4ko ikasleei. Zabalarekin batera, Oihana Iguaran idazlea eta Maria Altuna ilustratzailea izango dira institutuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!