Maiatza Borrokan egitasmoari ekingo diote maiatzaren 7an

Irati Saizar Artola 2023ko api. 19a, 16:00

Tolosaldea Sahararekin elkarteak Maiatza Borrokan egitasmoa aurkeztu du; maiatzaren 7tik 20ra izango da, eta azken egunean, elkarretaratzea egingo dute Trianguloan.

Maiatzaren 10ean beteko ditu Fronte Polisarioak 50 urte, eta maiatzaren 20an izango da lehen ekintza armatuaren urteurrena. Efemeride horren harira, urtero egiten duten moduan, Maiatza Borrokan sentsibilizazio jardunaldiak aurkeztu ditu Tolosaldea Sahararekin elkarteak. Maiatzaren 7tik 20ra izango dira. 

Eli Eizagirre Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideak esan duenez, jardunaldi hauek «garrantzitsuak» dira «Tolosaldeko biztanleei saharar herriak bizi duen egoera modu ezberdinetan helarazteko». Egunean eguneko ekintzetan parte hartzeko gonbidapena luzatu dute.

Lehen hitzordua maiatzaren 7rako prestatu dute. Bueltaka ekimena egingo dute, Berazubiko estadioan, 09:30etik 13:30era. «Kirola, elkartasuna eta jai giroa uztartu nahi ditugu», esan du Eizagirrek. Buelta bakoitzeko euro bat ordaindu beharko da sarreran, eta helburua da ahalik eta buelta gehien ematea, Tolosaldeko Oporrak Bakean programa diruz babesteko. 

Ahalik eta buelta gehien emateko, Tolosaldeko enpresei, eragileei eta familiei gonbidapenak bidali dizkiete, maratoia, maratoi erdia edota laurdena osatzeko diru laguntza eman dezaten. «Korrikalaririk ez badute, guk bilatuko ditugu korrikalariak, talde horren izenean bueltak eman ditzaten». Eizagirrek gogorarazi du ez dela derrigorrezkoa korri egitea, oinez ere egin daitezkeela. 

Goizean zehar, omenaldia egingo diote duela hilabete batzuk hil zen Agus Agote elkarteko kideari. «Aukera izango da abesti, bertso, lema edota dantzak eskaintzeko; mikrofonoa zabalik izango da guztientzat».  

Gainerako jardunaldiak

Fronte Polisarioa sortu eta 50 urtera, hain justu, maiatzaren 10ean, Poemas por la libertad saioa eskainiko dute, Lander Laborde eta Ali Salem Isemuk, Tolosako Bidaiariaren Txokoan, 18:30ean.

Maiatzaren 12an, ostiralean, Equipe Mediako zuzendaria den Ahmed Ettanjik hitzaldia emango du: La censura y periodismo en el Sahara Occidental. Villabonako Aljiben izango da, 18:30ean.

Maiatzaren 18an, ostegunean, Solo son peces eta Mutha dokumentalak eskainiko dituzte, Anoetako eragileen lokalean, 18:30ean. Ondoren, Solo son peces dokumentaleko aktoreetako batekin solasaldia izango da.

Urteroko tradizioari jarraituz, eta aurtengoa «azkena izango denaren desioz», maiatzaren 20an, larunbatean, kontzentrazioa egingo dute, 12:00etan Trianguloan. «Tolosaldeko biztanleei gerturatzeko gonbidapena luzatzen diegu, beste behin ere Sahara herriarekin elkartasuna zabaltzeko izan dadila».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!