Eskualdeko zazpi taldek parte hartuko dute Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2023ko api. 19a, 11:57

Eskualdeko bost herrik jokatuko dute eskuz: Aduna, Altzo, Amezketa, Larraul eta Tolosa. Gomazko paletan, berriz, Tolosaldeko bi herri ariko dira: Anoeta eta Tolosa.

Atzo egin zuten 2023ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren kanporaketen zozketa Donostian. Guztira, 17 herrik parte hartuko dute eskuz, hamalauk gomazko paletan, zazpik larruzko paletan eta pala motzean, eta hiruk zesta-puntan. Eskualdeko herriei dagokienez, bost taldek jokatuko dute eskuz (Aduna, Altzo, Amezketa, Larraul eta Tolosa), eta bik gomazko paletan (Anoeta eta Tolosa).

Eskuzko modalitatean, zozketak hala erabakita, Altzok final-hamaseirenetako kanporaketa jokatu beharko du Bergararen aurka. Apirilaren 30ean izango da joaneko partida Altzon, eta maiatzaren 7an itzulerakoa Bergaran. Irabazleak Hernani izango du aurkari final-zortzirenetan. Kanporaketa horretan hasiko dira jokatzen ere gainerako 14 taldeak. Joaneko partidak maiatzaren 14an izango dira, eta itzulerakoak 21ean. Adunak Azkoitiaren aurka jokatuko du (joaneko partidak, Adunan), Tolosak Zestoa izango du aurkari (itzulerako partidak, Tolosan), Larraulek Azpeitiaren aurka jokatuko du (joaneko partidak, Larraulen), eta Amezketak Oñati izango du aurkari (itzulerako partidak Amezketan).

Final-laurdenetako kanporaketak maiatzaren 28an eta ekainaren 4an izango dira, finalerdiak ekainaren 11n eta 18an jokatuko dituzte, eta finala ekainaren 24an izango da.

Gomazko paletan, Hernani eta Astigarraga zuzenean sailkatu dira final-laurdenetara. Aurrez, beste 12 taldeek final-zortzirenetako kanporaketa jokatuko dute; maiatzaren 14an izango dira joaneko partidak, eta 21ean itzulerakoak. Anoetak Andoainen aurka jokatuko du (joaneko partidak, Anoetan), eta Tolosak Mutrikuren aurka (itzulerako partidak, Tolosan). Anoetarrek eta tolosarrek kanporaketa gaindituz gero, eskualdeko bi taldeak elkarren aurka arituko dira final-laurdenetan.

Final-laurdenetako kanporaketak maiatzaren 28an eta ekainaren 4an izango dira, finalerdiak ekainaren 11n eta 18an jokatuko dituzte, eta finala ekainaren 25ean izango da.

Larruzko paleta eta pala motza modalitateetan zein zesta-puntan, ez da eskualdeko herririk ariko.

Honako hauek izango dira kanporaketak:

ESKUZ

GOMAZKO PALETA

PALA

ZESTA-PUNTA

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!