Tolosaldea IKTkoen emaitza nabarmenak Espainiako Txapelketan

Imanol Garcia Landa 2023ko api. 19a, 11:58

Igeriketako Espainiako Txapelketa izan zen jokoan orain gutxi, open mailan, eta bertan parte hartu zuten Tolosaldea IKTko zazpi igerilarik. «Denboraldiko txapelketa garrantzitsuenetako bat izaten da. Prestakuntza, bai neguan eta bai udaberrian, txapelketa honi begira egiten dugu. Eta aurten helburuak maila handiagoak ziren eta lortu ditugu», esan du Joseba Zubeldia entrenatzaileak.

Emaitzarik nabarmenena Nahia Garridok lortu zuen, gutxieneko denborak lortu baititu 100 zein 200 metroko bizkar probetan, bai Europako eta bai Munduko junior mailetako txapelketetako. Europa Txapelketa uztail hasieran izango da, eta Munduko Txapelketa irail hasieran. «Hori izan zen planteatu genuen helburua eta lortu zen», esan du Zubeldiak. «Egia da hiru aste aurretik gaixo egon zela, nahiko sukarrarekin, eta planak aldatu egin zitzaizkigun, baina buelta ematen jakin genuen, berak ere lan ona egin du eta atera ziren emaitzak». Garridok bigarren postua lortu zuen 50, 100 eta 200 metro bizkar probetan junior mailan, eta 200 metrotan bosgarren izan zen absolutu mailan, eta seigarren 100 metrotan. Bestalde, 50 metro tximeletan urrea lortu zuen junior mailan. Guztietan 16 urteko Euskadiko marka egin zuen, eta 200 metro bizkarrean, 2.13,18rekin, Euskadiko marka absolutua lortu zuen. «Horrez gain, marka horrek suposatu zuen absolutu mailako Espainiako selekzioan sartzea», esan du Zubeldiak. «Horren ondorioz, txapelketa bukatu eta gero, Mallorcan bertan egindako egonaldian izan zen Nahia eta ni ere entrenatzaile moduan egon nintzen. Esperientzia ona izan zen eta ikasteko aukera eman zuen».

Beste igerilariei dagokienez, Enaitz Goñi 200 metro bizkarrean B finalean izan zen. Igor Arrigainek bere lau probak maila onean egitea lortu zuen. Joanes Ruizek eta Unai Zubeldiak junior mailan udan izango den Espainiako Txapelketan finaletan egoteko aukerak dituztela erakutsi zuten. Irene Sagarna bi probetan lehiatu zen, eta salto handia egin duela erakutsi zuen. Mattin Zubeldiak, infantila izanik, 200 metro bizkarrean B finalean parte hartu zuen. 100 metro bizkarrean bere txapelketan lortu ez zuen marka lortu zuen, 58,17, Euskadiko 16 urteko marka berria. «Europako Txapelketan parte hartzeko gutxienekoa izango zen, baina beste txapelketa batean lortu behar zuen gutxieneko hori», esan du entrenatzaileak. Lortutakoarekin gustura daude eta gainera Mattin Zubeldiak Europako Gazteen Mailako Olinpiar Jokoetan parte hartuko du Eslovenian, uztailaren bukaeran.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!