Eskualdeko lasterkariek emaitza bikainak lortu dituzte asteburuan

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko api. 18a, 20:00

Goar Lopetegik, Sarah Ugartek eta Ikerne Lasak garaipen bana lortu dute; Irene Iturria hirugarren izan da Espainiako Mendi Lasterketen Txapelketan, gazteen mailan.

Pasa den asteburua, asteburu bizia izan da mendi lasterketei eta lasterketa herrikoiei dagokienez, eta eskualdeko korrikalariek emaitza oso onak lortu dituzte. Zenbait garaipen eskuratzeaz gain, askok podiumeko postuetan helmugaratzea lortu dute.

Larunbatean, V. Enkarterri Extrem Trails lasterketak jokatu ziren Zaramillon (Bizkaia). Hiru lasterketa izan ziren: ultra (60 kilometro), maratoia (42 kilometro) eta trail (21 kilometro). Ultra lasterketan, gizonezkoetan, Domusa Teknik Team taldeko Goar Lopetegi ibartarra gailendu zen, Adur Mendizabalekin batera helmugaratuta. Lasterketa osoan lehia estuan ibili ziren biak ala biak, eta azken zatian, ibilbidea arriskutsu zegoela ikusirik, ez arriskatzea eta elkarrekin helmugaratzea erabaki zuten. Araudian ez dago jasota biei irabazle emateko aukera hori. Azkenean, txipak erabaki zuen garailea, eta txiparen arabera, Lopetegi apurtxo bat lehenago sartu zen helmugan. Pello Berrizbeitia sailkatu zen hirugarren. Eskualdeko korrikalari gehiago sailkatu ziren lehen postuetan: Soronea-Ammma taldeko Iban Agirrezabala berastegiarra bosgarren izan zen, eta Alpino Uzturre taldeko Jon Vallejo tolosarra hamahirugarren.

Ultra distantziako Euskal Herriko Kopa jokatzen ari dira aurten lehen aldiz. Larunbatekoa izan zen lehen jardunaldia, eta beraz, garaipenari esker, Lopetegi da sailkapeneko liderra. Datozen hilabeteetan beste hiru proba izango dira: Azpeitiko Domusa Teknik 40 MLK, maiatzaren 6an; Euskal Herria Mendi Erronka, ekainaren 3an, eta Goierriko Bi Handiak (G2H) uztailaren 7-8an. Azken hori Euskadiko Txapelketa ere izango da.

Trail Huellas de Dinosaurio lasterketa ere jokatu zen larunbatean, Encison (Errioxa). Lau modalitatetan izan ziren probak: ultra (57 kilometro), klasikoa (27,2 kilometro), martxa (17,5 kilometro) eta promoa (15 kilometro). Ultra modalitatean, gizonezkoetan, Soronea-Ammma taldeko Hodei Lujanbio bigarren izan zen, Alberto Pelaezen atzetik. Modalitate klasikoan, emakumezkoetan, Alpino Uzturre taldeko Sarah Ugarte izan zen azkarrena, Andikona Albizuriren eta Soronea-Ammma taldeko Maialen San Sebastian anoetarraren aurretik. Alpino Uzturre taldeko Sandra Piñeiro bosgarren postuan helmugaratu zen. Promo modalitatean, gizonezkoetan, Alpino Uzturre taldeko Irai Colas seigarren helmugaratu zen, eta promesa mailan azkarrena izan zen; emakumezkoetan, Alpino Uzturre taldeko Lorea Berasategi tolosarra eta Emilia Ugarte hirugarren eta laugarren izan ziren, hurrenez hurren.

Espainiako Mendi Lasterketen Txapelketa ere jokatu zuten, Ruten (Kordoba), eta eskualdeko bi korrikalarik parte hartu dute Euskal Selekzioarekin. Absolutu mailan, Oihana Zubillaga anoetarra hamalaugarren postuan helmugaratu zen, Oihana Kortazarrek irabazi zuen lasterketan. Taldekako sailkapenean, Euskal Selekzioa laugarren izan zen. Soronea-Ammma taldeko beste hiru kidek ere parte hartu zuten lasterketa horretan: emakumezkoetan, Irati Larrañaga 24. postuan helmugaratu zen eta Larraitz Aragon 28. postuan; gizonezkoetan, Ibai Makazaga 34. izan zen. Junior mailan, Alpino Uzturre taldeko Irene Iturria bidaniarra hirugarren izan zen, brontzezko domina lortuz.

Igandean, XVII. Berako Mendi Maratoi Erdia jokatu zen; 21,1 kilometroko proba izan zen. Emakumezkoetan, Alpino Uzturre taldeko Ane Elzaurdia eta Soronea-Ammma taldeko Leire Elola tolosarra hirugarren eta laugarren postuan helmugaratu ziren, hurrenez hurren.

Igandean baita ere VII. Almadiaren Kros Herrikoia jokatu zen Burgin (Nafarroa). Bi proba izan ziren, motza (6,2 kilometro) eta luzea (10,3 kilometro). Proba motzean, emakumezkoetan, Ikerne Lasa tolosarra izan zen azkarrena; Serena Saraguro helmugaratu zen bigarren postuan eta Idoia Zabalza izan zen hirugarren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!