Osasungintza publikoaren aldeko manifestazioa egingo dute larunbatean

Ataria 2023ko apirilaren 18a

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformako kideak, otsailean Donostiako ospitalean egin zuten elkarretaratzean.

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak larunbatean, hilak 22, Donostian egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du.

Manifestazioa 17:00etan aterako da Bulebarretik Osasungintza publikoa indartu. Osakidetza suntsitzearen aurka lelopean, Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak deituta. Bilbon eta Gasteizen 12:00etan egingo dituzte manifestazioak.

TOPAk esan du Osakidetzak bizi duen egoera arduradun politikoek egindako plangintza eta kudeaketa «luze eta negargarriaren» emaitza dela. «Osasungintza publikoan erabilitako murrizketa politikak ondorio asko ditu, besteak beste, anbulatorioak itxi, arreta ordutegiak murriztea, telefonoan luzaroan egon behar izatea hitzordua hartzeko, arreta presentziala lortzeko gero eta zailtasun gehiago izatea, espezialista batekin hitzordua lortzeko itxaron zerrenda luzeak egotea...». «Politika horrek egunero larriki eragiten die herritarrei oro har, eta bereziki, sektore ahulenei», gaineratu dute.

Eusko Jaurlaritzaren jarrera «immobilista» salatu du plataformak eta hori dela eta «beste behin mobilizatu beharrean» daudela esan du, horrela «kalitatezko osasungintza publiko duina eta unibertsala bermatu dezan» eskatzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!