Familiako kide bat gehiago

Irati Saizar Artola 2023ko api. 12a, 07:58

Oporrak Bakean programaren barruan, hamabost haur saharar ekarri nahi dituzte Tolosaldera uda pasatzera; harrera familiak behar dira horretarako.

Oporrak Bakean programa martxan da aurten ere, hogeita batgarrenez, Tolosaldean. Haur sahararrak uda pasatzera etorriko dira eskualdeko familietara, ekaina amaieratik abuztu amaierara. Aurtengo erronka da 15 haurrek bizitokia izatea Tolosaldean, eta horretarako, 13 familia behar dituzte (bi familik errepikatuko dute). Programan parte hartu nahi duten familiek tolosaldeasahararekin@gmail.com helbidera idatzita edo 696 014 786 zenbakira deituta informazio gehiago eskatu dezakete.

Tolosaldea Sahararekin elkartea arduratuko da aurten, lehen aldiz, guztia koordinatzeaz, Tolosako Udalak beraien esku utzi baitu. «Familia asko egon daitezke esperientzia ahaztezin hau bizitzeko prest daudenak, eta pozez hartuko dute haurrek ere haien babesa», dio Elixabet Eizagirre Tolosaldea Sahararekin elkarteko teknikariak. 

«Familia mota guztiak dira ongi-etorriak», dio. Izan ere, harrera familiak bilatzen dituzte, izan pertsona bat, bikotea, edota bikotea seme-alabekin. 25 eta 65 urte bitartean izatea eskatzen da eta Tolosaldeko herriren batean erroldatuta egotea. «Bi hilabetez 8-9 urteko neska-mutil bat zaintzeko gaitasuna izatea besterik ez da eskatzen, bai osasun aldetik eta baita ekonomia aldetik ere posible izatea». 

Eizagirrek dio «familiako bat gehiago» izaten direla haur sahararrak, horrek suposatzen duenarekin: «Mahaian plater bat gehiago jarri beharko da, arropa ere beharko du edota aisialdian sortu ditzakeen gastuak ere ordaindu beharko zaizkio». 

Gainerakoan, bidaia gastuak, asegurua, bisa edota Osakidetzako txartelaren gastuei elkarteak egiten die aurre, Tolosaldeko udaletxeek eskaintzen duten laguntzari esker. Era berean, haurrak iritsi eta berehala, mediku azterketak pasako dituzte, eta lehen astean igeriketa ikastaroa egingo dute, «inoiz ez dutelako igerilekurik ez itsasorik ukitu, eta arriskuak saihestearren». 

Elkarteak, bere aldetik, astean bitan ekintza ezberdinak antolatuko ditu etorriko diren haurrak elkartu daitezen. «Begirale saharar bat izango dute, eta ondo etorriko zaie beraien artean elkartzea, etxe berrian zer topatu duten besteari kontatzea eta begiralea ere hor izango dute jarraipena egiteko». Tarte horietan, harrera familiei ere ondo etorriko zaiela atsedena dio Eizagirrek, eta baita beste harrera familiei informazioa elkartrukatzeko aukera ere.  

Esperientzia «bakarra»

Prozesu «oso polita» dela dio elkarteko teknikariak, «baina zaila ere bada bere neurrian». Haurrak basamortutik datoz, eta beste errealitate batekin egiten dute topo: «Leku berri batera, familia berri batera datoz, egokitu egin behar dute, eta familiek ere esfortzua egin behar dute haur ezezagun bat familiako bat bezala sentitu dezaten». 

Eizagirrek esan du lehen egunak direla bereziki zailenak. «Errepideak, semaforoak, igogailuak, etxebizitzen altuerak... ez dute ezer ezagutzen, eta normala izan daiteke hasieran beldur pixka bat izatea, baina, gero, ausartak izaten dira». 

Horrez gain, etxean haurrak dituzten harrera familien kasuan, errealitate berri bat bizituko dutela dio: «Etxeko haurrek ikusiko dute beraien adineko beste haur batzuk beste errealitate batean bizi direla, kapritxoak alde batera utzita ia jatekorik ere ez dutela, hemendik 4.000 kilometrora bizita, hegazkinez lau ordura». Eta ez txikienak bakarrik, guraso edota norbanakoei ere gertatuko zaie halako zerbait: «Askotan ez ditugu bereizten beharra eta nahia, eta momentu horietan ikusten dugu gauza gutxiagorekin bizi gaitezkeela, beste modu batera bizitzeko aukera badagoela».  

Udako bi hilabeteak leku atsegin batean pasatzea da haur sahararren asmoa. «Handik aurrera, prozesua ondo badoa eta harremana sendotzen bada, harrera familiek haur hori familiako kide bat gehiago sentiaraztea gerta daiteke, eta haur horrek bi familia izan ditzake: bata Saharan, eta, bestea, Tolosaldean»

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!