Gourmet Txoko gunean bere tokia izango du Tolosaldeko eskaintzak

Ataria 2023ko api. 6a, 07:59

Gaurtik etzira Basquefest jaialdiaren barruan hartuko du parte; Tolosaldea Garatzeneko Turismo sailetik esan dute eskualdea bisitariak hartzeko «prestatuta» dagoela.

Tolosaldeak bere gunea izango du Bilboko Gourmet Txoko karpan, gaurtik etzira, Basquefest jaialdiaren barruan. Tolosaldea Garatzeneko Turismo sailak 2016 urtetik hartzen du parte azoka horretan, eskualdea ezagutaraziz.

Aurtengoan, Tolosaldeko Gastronomia Gida aurkeztuko dute. Turismo marka berriarekin prestatu duten gida berria da, eta Tolosaldeko turismo bulegoan ere turistek eskuragarri dute. Horrekin batera, Tolosaldea, Kalitatearen jatorria bideoa ere erakutsiko dute.

Gainera, Txoko Gourmet gunean, Balerdipeko erleak-eko kideek loraldi ezberdinetako eztien dastaketak eskainiko dituzte bihar, 13:00etan eta 17:00etan. Eta, gozotik jarraituz, Rafa Gorrotxategik txokolate dastaketak eskainiko ditu larunbatean, 17:00etan eta 18:00etan. Dastaketetan probatutako produktuak erosteko aukera ere eskainiko zaie bertaratutakoei.

Bestalde, Tolosa Gourmet, Turismo gastronomia sustatzeko klubak martxoaren 6an ospatu zuen urteroko batzarra. Kideen arteko sinergiak eta aliantzak sustatu, hobekuntzarako formazioa eskaini edota anfitrioi papera sustatzea dira klubak dituen helburuak. «Sortu zenetik hamar urte igaro dira eta eskualdeko udalekin, enpresekin nahiz bestelako entitateekin elkarlanean, bakoitzak bere tokitik lanean, Tolosaldeak helmuga gastronomiko baten posizionamendua izatea lortu da», esan dute.

Aste Santuko jai egunei dagokienez, Tolosaldea Garatzenetik esan dute Tolosaldean bisitariak jasotzeko «prestatuta» daudela. Topic eta Txokolate museoa zabalik izango dira, eta turismo bulegoak ere bisita gidatuak eskainiko ditu egunero. Txindokiko Itzalako tirolinak ere martxan egongo dira. Era berean, azaldu dutenez, eskualdea hobeto ezagutu nahi duenak bere bisita erreserbatu dezake, Urmara museoan Alkizan, Pello Zabala gunean Amezketan edo upategi naiz ekoizle desberdinetan. Informazio guztia eguneratuta Tolosaldea.eus webgunean topatu daiteke, bost hizkuntzatan.

Datozen egunetarako agenda betea izango dela ere nabarmendu dute, beraz, «bisitariak edo herrian geratuko diren bertakoek zer egina topatuko dute». Adibide moduan jarri dute Tolofolk musika jaialdia. «Eskualdeko zerbitzuak ateak zabalik aurkituko dituzue, zatoztenentzat eta geratzen zaretenentzat, zuen oporralditxoez goza dezazuen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!