Zabalik da posta bidezko botoa eskatzeko epea

Ataria 2023ko apirilaren 4a

Espainian bizi diren pertsonek apirilaren 4tik 18ra bitartean eskatu ahal izango dute botoa postaz ematea, eta, dokumentazioa jaso ondoren, maiatzaren 8tik 24ra bidali ahal izango dute txartela.

Gaur Espainiar Estatuko Aldizkari Ofizialean udal hauteskundeetarako eta Batzar Nagusietarako deialdia argitaratu da, eta beraz, zabalik da posta bidezko botoa eskatzeko epea. Horrek markatzen du hauteskunde-egutegian maiatzaren 28an amaituko den atzera-kontaketaren hasiera.

Zehazki, Espainian bizi diren pertsonek apirilaren 4tik 18ra bitarte eskatu ahal izango dute botoa postaz ematea, eta, dokumentazioa jaso ondoren, maiatzaren 8tik 24ra bidali ahal izango dute boto-papera.

Datak desberdinak izango dira atzerrian bizi diren boto-emaileentzat: eskaera-epea apirilaren 29ra arte luzatuko da kasu horietan, eta gutun-azala bidaltzeko epea maiatzaren 2tik 24ra bitarte luzatuko da.

Guztira, udal eta Batzar Nagusietarako hauteskunde hauetan 2.661 zinegotzi eta 153 prokuradore aukeratuko dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!