Bost lankidetza proiektu aurkeztu dituzte Elikerren aurtengo ekintza planean

Jon Miranda Labaien 2023ko api. 4a, 07:59

Barazkiak merkaturatzeko eredu berritzaileak, gozogintza gida, haragi soberakinak berrerabiltzekoa, 'packaging' aukerak eta alkohol maila baxuko edariak sustatuko dituzte

Iazko maiatzean abiatu zen Eliker Kalitatezko Elikadura Zentroa, elikadura sektoreko eta bere balio kateko enpresek, etorkizuneko erronkei erantzun ahal izatea ahalbidetuko duten egitasmoak sortzeko. 2023rako asmo berriak aurkezteko bileran Imanol Zubelzu zentroko arduradunak aurrera begira dituzten erronken berri eman du. Erakundetze prozesuan sakondu nahi dute alde batetik, «ikuspegi estrategikoan sektorearen begirada txertatuz», eta bestetik, ekintza plana zehaztu nahi dute aurtengo urterako.

Elikerren erakunde sustatzaileak dira Eusko Jaurlaritza eta Tolosako Udala eta aurtengo ekintza plana aurkezteko bileran parte hartu dute Olatz Peon alkateak eta Xarles Iturbe zinegotziak, baita Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien sailburuordeak ere. Iturbek nabarmendu du Eliker zentroa, gehienbat elkarlana dela: «Lehen sektorea, ekoizleak, azokak, merkataritza, ostalaritza, industria... Kate indartsua dugu, eta horien arteko elkarlana oraina ez ezik, etorkizuna ere bada. Hori da Elikerren oinarri, eta aldi berean, indargune nagusia». Iturbek kalitatezko elikaduraren eta gastronomiaren erreferentetzat hartu du eskualdea.

Orozek ere bat egin du ideia horrekin. Gisa horretako proiektuak, Tolosa eta Tolosaldearentzat ez ezik, «Gipuzkoarentzat eta Euskadirentzat ere aberasgarriak» direla nabarmendu du: «Lankidetza, ikerketa, ekintzailetasuna eta berrikuntza dira oinarri, elikaduraren balio kateak eta, oro har, euskal gizarteak dituen zailtasun eta erronka handiei irtenbideak ematerako orduan. Lau oinarri hauek jarraitzen dute izaten Elikerren ardatz nagusiak». Tolosako alkateak, bere aldetik, jarduera ekonomikoa bultzatzeko eta industriaren garapenerako gisa horretako ekimenak beharrezkoak direla esan du.

BOST LANKIDETZA PROIEKTU

Baserritar, ekoizle, industria-jarduera eta eragile gastronomikoekin elkarlanean landutako bost lankidetza proiektu gauzatuko dituzte aurten. Zubelzuk argitu duenez hiru dagoeneko martxan daude eta beste biak aurki abiatuko dira.

Elikerren barruan, lankidetza proiektuen ikerketa sustatzaile gisa, sektoreak dituen erronka berriei aurre egiteko lanean dabil Javi Rivero sukaldaria, jakintzan eta garapen teknikoan sakonduz. Riverok esan du gozogintzan, esate baterako, hasiak direla lanean: «Azukre eta gantz maila baxuagoko gozoak eskatzen ditu kontsumitzaileak. Tolosako gozogile artisauekin eta Gozoa elkartearekin garatutako ikerketaren ondorioetan sakonduz, gida bat egingo dugu. Gozogintza osasungarriago bat lortzeko profesionalentzako jarraibide eta gakoak eman nahi ditugu bertan, negozio lerroak dibertsifikatu eta produktu berriak lortzeko. Beti ere, bertako produktuetan oinarrituta». Azukreetan aberatsak diren begetalak erabiltzea da aztertu duten aukeretako bat, antzina euskal baserrietan egiten zen moduan. Azenarioak, erremolatxak edo kuiak osagai gisa erabiltzen dituzten errezetak berreskuratu dituzte, adibidez. Sagarretik lortzen den pektinaren erabilera ere aztertu dute.

Bost lankidetza proiektuetako bat da hori. Beste bat, barazkiak kontsumo eredu berrietara egokitzeko gida da. Tolosako Azokako ekoizle Ane Zeberiok azaldu du bosgarren gamako produktuak sortzeko eta saltzeko aukerak aztertzen ari direla Eliker zentroaren bitartez. «Orain arte laugarren gamakoak saldu izan ditugu, baina modu horretara merkaturatzen ditugun barazkiek iraungitze data laburra dute. Epe hori luzatzea eta produktuei balorea ematea ahalbidetuko ligukete bosgarren gamako produktuek», esan du Zeberiok. «Etorkizunari begira, oso irtenbide ona da gure produktuentzat». Prestatutako jakiak saltzeko bideak sustatzen saiatuko dira, bertako ekoizleen barazkiak baliatuta.

Haragi ekoizpeneko soberakinen aprobetxamendurako gida bat ere egin asmo dute aurtengo urtean Eliker zentrotik. «Mozketa teknikagatik edo sukaldean duen erabilera urriagatik alferrik galdu egiten da haragi kantitate bat. Hori ekidin nahian soberakin horiek erabiliz jaki berriak sortzeko gida bat egingo dugu, harakinen federazioarekin eta eskualdeko sukaldari eta erretegietako parrilleroekin batera», esan du Riverok. Produktu berriak sortu eta haragi ekoizpenaren garapen iraunkor bat bultzatu nahi dute. Bide batez, alkohol maila baxuko edari eta zukuen sorrera ere sustatuko dute. Eskualdeko sagar, sagardo, txakolin eta edari ekoizleekin, bestelako edarien ekoizpen eta merkaturatzeko aukerak zeintzuk diren aztertzen ari dira. «Zukuak edo zaporedun urak izan daitezke, besteak beste, horretarako aukera», aipatu du eskualdeko sukaldariak.

Paperezko bilgarrien inguruko azterketa egitea izango da Elikerren aurtengo ekintza planaren bosgarren egitasmoa. Papergintzan ibilbide eta eskarmentu handia duen eremua da Tolosa, eta hori baliatu nahi da paperezko bilgarri mota berrien erabilera aztertzeko. «Plastikorik ez erabiltzea da helburua, eta horren ordez, paper mota berriak aztertu nahi ditugu, babarrunen lekak erabiliz sortu daitekeena esaterako», nabarmendu du Zubelzuk.

LAN LERRO GEHIAGO

Beste bi lan ildotan ere sakonduko du Elikerrek aurten. Alde batetik, belaunaldi gazteen heziketa sustatuko du, elikadura osasuntsu eta jasangarri baterantz, bertako produktuen kontsumoa indartzeko. Horrela, formazio saio eta ekintza pedagogiko hainbat egingo dira, adin tarte ezberdinei bideratuta. Izar Amundarain, alor didaktikoko egitasmoen arduradunak zehaztu duenez, «formakuntza plan bat» sortzea izango da erronka nagusienetako bat: «Haurrentzako gida interaktibo bat sortu nahi dugu, nutrizioaren oinarriak, garaiko produktuak eta bertako elikagaiak, modu dinamiko, bisual eta erraz batean landuz. Gazteentzako tresna bat izango da».

Bestalde, produktuen merkaturatzean eta azoka berezien sustapenean jarriko du azpimarra. Guztira 9 azoka eta ekitaldi gastronomiko hartuko ditu Tolosak 2023an, azoken helmuga eta hiriburu gastronomiko modura duen posizionamenduan sakontzeko. Larunbateroko azoka eta Haragi eta Esneki azoka bereziak dira, besteak beste, helburu horrekin indartuko diren ekitaldiak. Ekintza plana aurkezteko bileran parte hartu du Malen Sarasua Leartiker Esneki Zentroko arduradunak eta aurten iazko Esneki azokan izandako esperientzia errepikatzeko prest daudela azaldu du.

Azoka izaeratik harago joan nahi dute, ordea, Elikerreko arduradunek: «Ekoizleak gizarteratzeko plaza ez ezik, azokak proiektu estrategiko gehiago garatzeko baliabide bihurtu nahi ditugu, azpi-ekonomiak sortzeko baliatu», adierazi du Zubelzuk.

EKINTZA PLANA

  1. Etorkizuneko gozoen gida
  2. Barazkiak kontsumo-eredu berrietara egokitzeko gida
  3. Haragi-ekoizpeneko soberakinen aprobetxamendurako gida
  4. Alkohol mahaia baxuko edari eta zukuen sorrera
  5. Paperezko packaging berria

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!