Eskualdeko pilotaririk ez Berria Erremonte Txapelketako finalean

Ataria 2023ko apirilaren 6a

Jon Irazu eta Aritz Eskudero Berria Erremonte Txapelketan. Argazkia: Oriamendi 2010.

Odei Arregi tolosarrak eta Jon Irazu adunarrak txapelketako finalerdiak jokatu zituzten larunbatean, Hernaniko Galarreta Jai Alai pilotalekuan, baina ez zuten finalera sailkatzea lortu.

Lehen finalerdian, Zaldua II.ak eta Arregik, 30-35 galdu zuten Goikoetxea V.a eta Aiestaran VI.aren aurka. Lehen tantoetatik nagusi izan ziren irabazleak, nahiz eta galtzaileek aldeak murriztea lortu. Goikoetxea izan zen partidako pilotari onena, 18 tanto eginda. Aiestaranek ere partida txukuna jokatu zuen, tanto gutxi galduta. Zalduak 12 tanto egin zituen, eta Arregik 15, horietatik 11, sakez.

Bigarren finalerdian, 35-28 galdu zuten Irazuk eta Martiarenak, Gurrutxaga eta Zaldua I.aren aurka. Partida parekatua izan zen, eta uneoro markagailuan gertu izan ziren bi bikoteak. Partida berdintzeko tanto bakarrera egotetik (22-21), ordea, 30-22 galtzera pasa ziren Irazu eta Martiarena. Hor hautsi zen partida. Bi debutari berriak izan ziren partidako onenak; Gurrutxagak 16 tanto egin zituen, Irazuk, berriz, 12 tanto egin zituen, eta bakarra galdu. Atzelariak ere ondo aritu ziren; Zalduak sakez min handia egin zuen eta bederatzi tanto lortu zituen modu horretara. Martiarenak ere zazpi tanto egin zituen sakez.

Larunbat honetan jokatuko dute Berria Erremonte Txapelketako finala Goikoetxea V.a-Aiestaran V.a eta Gurrutxaga-Zaldua I.a bikoteek. 16:30ean hasiko da jaialdia, eta lehen partidan, Berrobin bizi den Aritz Eskudero andoaindar atzelariak Zaldua II.arekin jokatuko du, Irazu eta Apezetxearen aurka. Hirugarren partida Urriza-Azpiroz eta Segurola-Barrenetxea IV.a bikoteen artekoa izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!