Tolosaldea trainerua laugarren, San Pedroko XIV. Traineruen Test-Entrenamenduan

Ataria 2023ko apirilaren 3a

Argazkia: Oarsoaldeako Hitza.

Larunbatean jokatu zen proba, eta eskualdeko ontziak laugarren denbora onena egin zuen, faborito nagusiengandik gertu. Arraun Lagunak trainerua izan zen txapeldun; gizonezkoetan, berriz, Bermeok irabazi zuen.

Arraun Lagunak taldeak 15.45,95eko denbora egin zuen San Pedroko badian jokatutako estropadan. Orio izan zen bigarren, 15.54,67ko denbora eginda. Hirugarren Donostiarra sailkatu zen, 15.55,21eko denborarekin. Tolosaldeak, donostiarrek baino hamar segundo gehiago behar izan zituzten hiru luzeko proba egiteko; 16.05,41 izan zen eskualdeko arraunlariek egindako marka. Atzetik sailkatu ziren, hurrenez hurren, Hibaika, Hondarribia, Kaiku, Zumaia, Zarautz eta Hernani. Nabarmentzekoa da Tolosaldearen eta Hibaikaren artean minutu erditik gorako aldea izan zela.

Gizonezkoen proban, Bermeo izan zen traineru onena, 20.57,82ko denbora eginda. Lehen zazpi sailkatuen artean lehia estua izan zen, eta zazpi segundoren buruan izan ziren traineru horiek. Honela sailkatu ziren, hurrenez hurren, bermeotarren atzetik: Donostiarra (20.59,39), Orio (21.00,08), Hondarribia (21.01,05), San Juan (21.03,02), Zierbena (21.03,56) eta San Pedro (21.05,15).

Beteranoen mailan, Badok A taldeak lortu zuen garaipena, Cesantes eta Fortuna taldeen aurretik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!