Soronea-Ammmako emakumezkoen taldea, Euskal Herriko txapeldun

Ataria 2023ko apirilaren 3a

Larunbatean, XI. Kilimon Trail mendi lasterketa jokatu zen Mendaron, eta horrekin batera, Euskal Herriko Txapelketa jokatu zen; gizonezkoetan, bigarren izan zen Soronea-Ammma. Banakako sailkapenei dagokionez, Alpino-Uzturre taldeko Irene Iturria tolosarra bigarren izan zen proba motzean, eta Oihana Zubillaga Euskal Herriko Kopako liderra da emakumezkoetan.

Soronea-Ammma taldeko emakumezkoen taldea txapeldun izan da Euskal Mendizale Federazioak antolatutako 2023ko Mendi Lasterketen Euskal Herriko Txapelketan. Larunbatean, XI. Kilimon Trail mendi lasterketa jokatu zen Mendaron, eta horrekin batera, Euskal Herriko Txapelketa jokatu zen; gizonezkoetan, bigarren izan zen Soronea-Ammma.

Bi proba jokatu ziren Mendaron. Batetik, proba luzea, 23 kilometroko luzera eta 1.650 metroko desnibel positiboa zuena. Gizonezkoetan, Alain Santamaria ezkaraitarra izan zen azkarrena (1.56.10), Hassan Ait Chaou billabonatarra zortzigarren izan zen (2.01.21), eta Iñaki Olano altzotarra hamaikagarren (2.02.33). Ait Chaouk garaipena lortu zuen beteranoen mailan.

Emakumezkoetan, Malen Osa oñatiarra izan zen onena, 2 ordu eta 16 minutuko denbora eginda, eta eskualdeko bi korrikalari helmugaratu ziren lehen hamarren artean: Oihana Zubillaga anoetarra bosgarren izan zen (2.34.01) eta Leire Elola tolosarra hamargarren (2.41.12). Gainera, Euskal Herriko Kopako bigarren proba puntuagarria izan zen Mendarokoa, eta une honetan, Zubillaga da liderra emakumezkoetan. Hurrengo proba apirilaren 16an izango da, Beran (Nafarroa).

Argazkia: Festak.com

Bestetik, proba motza jokatu zen, 11 kilometroko luzera eta 600 metroko desnibel positiboa zuena. Emakumezkoetan, Alpino Uzturre taldeko Irene Iturria korrikalari tolosarra bigarren postuan helmugaratu zen. Estadillako (Aragoi) Carrodilla Cabestre izan zen azkarrena (1.05.50). Iturriak ia bi minutu gehiago behar izan zituen proba amaitzeko (1.07.44), eta oso gertu izan zuen hirugarren postuan sailkatu zen Jone Oar-Arteta gernikarra (1.07.50). Gizonezkoetan, Urrestillako Ibai Angulo izan zen onena (53.01).

Lasterketa honen kasuan ere, Euskal Herriko Kopako bigarren proba puntuagarria jokatu zuten, eta une honetan, Iturria liderra da junior mailan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!