Irene Iturria bigarren, XI. Kilimon Trail lasterketako proba motzean

Ataria 2023ko apirilaren 3a

Mendaron jokatu zen mendi lasterketa larunbatean, eta korrikalari bidaniarra bigarren izan zen 11 kilometroko luzera eta 600 metroko desnibel positiboa zuen proban.

Irene Iturria korrikalari bidaniarra bigarren helmugaratu zen larunbatean, Mendaron jokatutako Kilimon Trail mendi lasterketaren hamaikagarren edizioko proba motzean. Estadillako (Aragoi) Carrodilla Cabestre izan zen azkarrena (1.05.50). Iturriak ia bi minutu gehiago behar izan zituen proba amaitzeko (1.07.44), eta oso gertu izan zuen hirugarren postuan sailkatu zen Jone Oar-Arteta gernikarra (1.07.50). Gizonezkoetan, Urrestillako Ibai Angulo izan zen onena (53.01).

Proba luzea ere jokatu zen Mendaron, 23 kilometroko luzera eta 1.650 metroko desnibel positiboa zuena. Hemen eskualdeko zenbait korrikalari izan ziren. Gizonezkoetan, Alain Santamaria ezkaraitarra izan zen azkarrena (1.56.10), Hassan Ait Chaou billabonatarra zortzigarren izan zen (2.01.21), eta Iñaki Olano altzotarra hamaikagarren (2.02.33). Emakumezkoetan, Malen Osa oñatiarra izan zen onena, 2 ordu eta 16 minutuko denbora eginda, eta eskualdeko bi korrikalari helmugaratu ziren lehen hamarren artean: Oihana Zubillaga anoetarra bosgarren izan zen (2.34.01) eta Leire Elola tolosarra hamargarren (2.41.12).

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!