Fisikoki aktibo egoteko saioak, emakumeentzat

Ataria 2023ko api. 8a, 12:00

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak 'Aktiba' programa jarri du martxan. Entrenamendu plan bat da, kirolik egiten ez duten emakumeak kirola egiten has daitezen.

Kirol Zuzendaritzaren eta EHU-ren ikerketa baten arabera, Gipuzkoako emakumeen %32k ez du kirolik egiten. Denbora falta da kirolik ez egiteko arrazoi nagusietako bat. Horietatik asko 30 eta 50 urte bitarteko emakumeak dira, 40.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan bizi direnak. Gehienak amak dira, 12 urtetik beherako seme-alabak dituzte, eta ia guztiei jarduera fisikoa edo kirola egitea gustatuko litzaieke.

Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak Aktiba programa jarri du martxan, Gipuzkoako emakume guztiei fisikoki aktibo egoteko aukera emateko. Fisikoki indartsuak, mentalki garaiezinak programaren barruan sartzen da Aktiba. «Entrenamendu plan bat da, kirolik egiten ez duten emakumeak kirola egiten has daitezen», azaldu dute antolatzaileek.

Kirola egiten ez duen edozein emakumek parte hartu dezake. Dena dela, lehentasuna izango dute kirolik egiten ez duten 30 eta 50 urte bitarteko emakumeek, eta 40.000 biztanletik beherako herrietan bizi diren 50 urtetik gorako emakumeek.

Astean behin entrenamendu saio bat egingo dute taldean, Zoom bidez; ostiraletan izango da, 18:30ean, eta Afrika Hidalgok gidatuko du. Horrez gain, parte-hartzaileek ordubeteko eta ordu erdiko bideo bana jasoko dute, astean zehar entrenatu dezaten, bakoitzaren denboraren eta helburuen arabera.

Programaren inguruko informazioa eskatu edo izena eman nahi izanez gero, emakmugi@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatzi behar da. Izena ematean, parte-hartzaileek galdetegi bat jasoko dute, haiek hobeto ezagutzeko eta horren arabera saioak antolatzeko. Behar den materialaren zerrenda ere bidaliko zaie; materiala eskuratzeko modurik ez badute, departamentuak emango die behar dutena. Izena ematen dutenek, Telegram taldean parte hartzeko aukera izango dute zalantzak argitzeko; edozein motatako laguntza eskatu ahal izango dute. 

Antolatzaileek nahi dutena da parte-hartzaileek beren buruari aukera ematea energia areagotzeko eta gorputza eta burua zaintzeko. «Ostiraletan ahal duten denboran parte hartzeko konpromisoa eta bidaltzen dizkiegun galdetegiei erantzutea eskatzen diegu, plaza kopuru mugatua dagoelako».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!