Eskualdeko hiru saltoki saritu dituzte

Ataria 2023ko martxoaren 31

Tolosako Kimetz-Andia eta Liot dendek eta Zizurkilgo Garazi loradendak Gipuzkoako Merkatariak elkartearen Singular Dendak errekonozimendua jaso dute, Lehiakortasuna Hobetzeko Programa arrakastaz gainditzeagatik.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak eta Gipuzkoa Merkatariak elkarteak antolatuta, elkartearen 90. urteurreneko jardunaldien baitan, ekitaldia egin zuten asteazkenean, Tolosako Bide Bide jatetxean. Bertan, aitortza egin zieten Lehiakortasuna Hobetzeko Programa arrakastaz gainditu duten Gipuzkoako 17 saltokiri, tartean, eskualdeko hiruri: Tolosako Kimetz-Andia eta Liot, eta Zizurkilgo Garazi loradenda. Originaltasuna, kalitatezko arreta eta benetakotasunagatik saritu zituzten. 17 kide berri horiekin, 253 dira guztira aitortutako Singular Dendak.

90 urte bete dituzten Tolosako saltokiak ere omendu zituzten, beraien ibilbideagatik: Lardies, Eceiza gozotegia, Casa Arregui, Ogi Ona, Altuna harategia, Argizti optika eta Muñagorri harategia. Saritutako merkatariez gain, Iker Estensoro Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko zuzendari nagusia eta omendutako saltokietako udaletako ordezkari batzuk izan ziren ekitaldian.

Singular Dendak Gipuzkoako merkataritza bereizteko programa da, eta xehetasunaren kultura lantzen du bezeroarentzako arreta, irudi komertziala, komunikazioa edo produktua bezalako arloetan. «Hemengo jendeak sortu eta garatuak dira Singular Dendak; denda konprometituak, bakarrak egiten dituen esperientziagatik nabarmentzen direnak; nortasuna dutenak, bestelako merkataritza-eredu bati eutsi nahi diotenak; hurbilak eta bakarrak. Bezeroak bere erabaki guztien erdigunean dauden eta konplizitatea sortzea helburu duten espazioak», azaldu dute Gipuzkoa Merkatariak elkartetik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!