Iazko maiatzean abiatu zen Eliker Kalitatezko Elikadura Zentroa, elikadura sektoreko eta bere balio kateko enpresek, lehiakortasuna hobetuz, etorkizuneko erronkei erantzun ahal izatea ahalbidetuko duten egitasmoak sortzeko helburuarekin. 2023rako asmo berriak aurkezteko bileran Imanol Zubelzu zentroko arduradunak aurrera begira dituzten erronken berri eman du. Erakundetze prozesuan sakondu nahi dute alde batetik, "ikuspegi estrategikoa eta sektorearen begirada txertatuz", eta bestetik, ekintza plana zehaztu nahi dute. "Askotan proiektuetara zehatzetara jaitsiz, ikuspegi errealistagoa izan dezakegula uste dugu".
Elikerren erakunde sustatzaileak dira Eusko Jaurlaritza eta Tolosako Udala eta aurtengo ekintza plana aurkezteko bileran parte hartu dute Olatz Peon alkateak eta Xarles Iturbe zinegotziak, baita Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien sailburuordeak ere. Iturbek nabarmendu du Eliker zentroa, gehienbat elkarlana dela: "Oraina da, baita baita ere etorkizuna. Elikaduraren kate osoa hartzen du kontuan, aktibo ezberdinek osatzen dugun ekosistema. Indartsu dagoen ekosistema da gainera; lehen sektoreak, azokak, ekoizleek, merkataritzak, gastronomiak, ostalaritzak, elikagaien industria sendo batek osatzen dute. Eragileak ezinbestekoak dira eta proiektu honen indargunea". Iturbek kalitatezko elikaduraren eta gastronomiaren erreferentetzat hartu ditu Tolosa eta Tolosaldea.
Orozek ere bat egin du ideia honekin. Gisa honetako proiektuak, Tolosa eta Tolosaldearentzat ez ezik, “Gipuzkoarentzat eta Euskadirentzat ere aberasgarriak” direla nabarmendu du: “Lankidetza, ikerketa, ekintzailetasuna eta berrikuntza dira oinarri, elikaduraren balio kateak eta, oro har, euskal gizarteak dituen zailtasun eta erronka handiei irtenbideak ematerako orduan. Lau oinarri hauek jarraitzen dute izaten Elikerren ardatz nagusiak”. Tolosako alkateak, bere aldetik, jarduera ekonomikoa bultzatzeko eta industriaren garapenerako gisa honetako ekimenak beharrezkoak direla esan du.
Bost lankidetza proiektu
Baserritar, ekoizle, industria-jarduera eta eragile gastronomikoekin elkarlanean landutako bost lankidetza proiektu gauzatuko dituzte aurten. Zubelzuk argitu duenez hiru dagoeneko martxan daude eta beste biak aurki abiatuko dira.
Javi Rivero sukaldariak azaldu duenez, sektoreko eragile ezberdinen arteko lotura gauzatzen ari da Elikerren barruan. Lankidetza proiektuen ikerketa sustatzaile gisa, sektoreak dituen erronka berriei aurre egiteko lanean dabil, jakintzan eta garapen teknikoan sakonduz. Riverok esan du gozogintzan, esate baterako, hasiak direla lanean: "Azukre eta gantz maila baxuagoko gozoak eskatzen ditu kontsumitzaileak. Tolosako gozogile artisauekin eta Gozoa elkartearekin garatutako ikerketaren ondorioetan sakonduz, gida bat egingo dugu. Gozogintza osasungarriago bat lortzeko profesionalentzako jarraibide eta gakoak eman nahi dira bertan, negozio lerroak dibertsifikatu eta produktu berriak lortzeko. Beti ere, bertako produktuetan oinarrituta". Azukreetan aberatsak diren begetalak erabiltzea da aztertu duten aukeretako bat, aitzina batean euskal baserrietan egiten zen moduan. Azenarioak, erremolatxak edo kuiak osagai gisa erabiltzen dituzten errezetak berreskuratu dituzte, adibidez. Sagarretik lrotzen den pektinaren erabilera ere aztertu dute.
Bost lankidetza proiektuetako bat da hori. Beste bat, barazkiak kontsumo eredu berrietara egokitzeko gida da. Tolosako Azokako ekoizle Ane Zeberiok azaldu du bosgarren gamako produktuak sortzeko eta saltzeko aukerak aztertzen ari dira Eliker zentroaren bitartez. "Orain arte laugarren gamakoak saldu izan ditugu, baina modu horretara merkaturatzen ditugun barazkiek iraungitze data laburra dute. Epe hori luzatzea eta produktuei balorea ematea ahalbidetuko ligukete bosgarren gamako produktuek", esan du Zeberiok. Etorkizunari begira, oso irtenbide ona da gure produktuentzat". Prestatutako jakiak saltzeko bideak sustatzen saiatuko dira, bertako ekoizleen barazkiak baliatuta.
Haragi ekoizpeneko soberakinen aprobetxamendurako gida bat ere egin asmo dute aurtengo urtean Eliker zentrotik. "Mozketa teknikagatik edo sukaldean duen erabilera urriagatik desaprobetxatu egiten da haragi kantitate bat. Hori ekidin nahian soberakin horiek erabiliz jaki berriak sortzeko gida bat egingo dugu, harakinen federazioarekin eta eskualdeko sukaldari eta erretegietako parrilleroekin batera", esan du Riverok. Produktu berriak sortu eta haragi ekoizpenaren garapen iraunkor bat bultzatu nahi dute. Bide batez, alkohol maila baxuko edari eta zukuen sorrera ere sustatuko dute. Eskualdeko sagar, sagardo, txakolin eta edari ekoizleekin, bestelako edarien ekoizpen eta merkaturatzeko aukerak zeintzuk diren ikusteko. "Zukuak edo zaporedun urak izan daitezke, besteak beste, horretarako aukera", aipatu du eskualdeko sukaldariak.
Paperezko bilgarrien inguruko azterketa egitea izango da Elikerren aurtengo ekintza planaren bosgarren puntua. Papergintzan ibilbide eta eskarmentu handia duen eremua da Tolosa, eta hori baliatu nahi da paperezko bilgarri mota berrien erabilera aztertzeko. "Plastikorik ez erabiltzea da helburua, eta horren ordez, paper mota berriak aztertu nahi ditugu, babarrunen lekak erabiliz sortu daitekeena esaterako", nabarmendu du Zubelzuk.
Lan lerro gehiago
Beste bi lan ildotan ere sakonduko du Elikerrek aurten. Alde batetik, belaunaldi gazteen heziketa sustatuko du, elikadura osasuntsu eta jasangarri baterantz, bertako produktuen kontsumoa indartzeko. Horrela, formazio saio eta ekintza pedagogiko hainbat egingo dira, adin tarte ezberdinei bideratuta. Izar Amundarain, alor didaktikoko egitasmoen arduradunak zehaztu duenez, “formakuntza plan bat” sortzea izango da erronka nagusienetako bat: “Haurrentzako gida interaktibo bat sortu nahi dugu, nutrizioaren oinarriak, garaiko produktuak eta bertako elikagaiak, modu dinamiko, bisual eta erraz batean landuz. Gazteentzako tresna bat izango da”.
Bestalde, produktuen merkaturatzean eta azoka berezien sustapenean jarriko du azpimarra. Guztira 9 azoka eta ekitaldi gastronomiko hartuko ditu Tolosak 2023an, azoken helmuga eta hiriburu gastronomiko modura duen posizionamenduan sakontzeko. Larunbateroko Azoka eta Haragi eta Esneki azoka bereziak dira, besteak beste, helburu horrekin indartuko diren ekitaldiak. Ekitaldian parte hartu du Malen Sarasua Leartiker Esneki Zentroko arduradunak eta aurten ere iazko Esneki azokan izandako esperientzia errepikatzeko prest daudela azaldu du.
Azoka izaeratik harago joan nahi dute, ordea, Elikerreko arduradunek. "Ekoizleak gizarteratzeko plaza ez ezik, azokak proiektu estrategiko gehiago garatzeko baliabide bihurtu nahi dira, azpi-ekonomiak sortzeko", aipatu du Zubelzuk.