Babestutako edukia

Hezkuntza inklusioa, mundu osora zabalduz

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 30a, 16:59

In as in INclusion proiektuaren barruan, bost herrialdetako irakasleen bisita izan dute Tolosaldea Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratuan.

Europar mailan, benetako inklusiozko hezkuntza baten kontzeptua hobetzea da Erasmus + KA2 programaren helburua. Honen barruan hainbat proiektu lantzen ari dira Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutu Integratuan. In as in INclusion izeneko proiektua da horietako bat, eta 2020 urteaz geroztik ari dira lantzen.

Hezkuntza mailako inklusiozko praktika onak herrialde ezberdinetan eta herrialde ezberdinetako erakundeekin elkarbanatzea eta elkartrukatzea da azken honen helburua. «Praktika horiek ezagutu ostean, prestakuntza saioak jarriko ditugu martxan. Orain poliki-poliki materiala prestatzen ari gara, batetik, liburu bat sortzeko, eta bestetik, irakasleentzako online bidezko formakuntza saioak antolatzeko», azaldu du Juan Luis Nazabal Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutu Integratuko Nazioartekotze Proiektuaren koordinatzaileak.

Herrialde bakoitzeko ikastetxeek ezaugarri desberdinak dituztela azpimarratu du Nazabalek, eta horien aurrean ikastetxe bakoitzak zer-nolako esku-hartzea egiten duen ezagutzeko aukera izan dute denbora honetan. «Batzuk etorkin edota errefuxiatuekin aritzen dira lanean, eta beste batzuk, berriz, desabantaila ekonokomikoak dituztenekin. Elbarritasunak dituztenekin ere aritzen dira lanean, gaixotasunen bat edota gorabeherak jasaten dituzten pertsonekin, alegia; asperger edo dislexia jasaten duten ikasleak, esaterako. Jarrera araroak edota ikasteko arazoak dituztenak ere badaude tartean», aipatu du koordinatzaileak.

Proiektuan parte hartu duten herrialdeak sei izan dira —Turkia, Grezia, Portugal, Italia, Eslovenia eta Euskal Herria—, eta lau eguneko iraupena duten egonaldiak antolatu dituzte horietan. «Iazko urrian Sizilian izan ginen, eta maiatzean berriz Turkian. Uztailean Portugalera joan ginen, eta Greziara eta Esloveniara bidaiatu genuen azkenik», kontatu du. Euskal Herriaren txanda izan berri da, eta proiektuan parte hartzen duten atzerriko 22 irakasleren bisita jaso zuten hilaren 15etik 18ra bitarte.

IKASTETXERA BISITAN

Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutu Integratuan eman zioten lau egunetako plangintzari hasiera. «Bertan, hezkuntza-mailan inklusioa nola lantzen dugun azaldu genien, eta horretarako, egun martxan ditugun hainbat proiektu ere erakutsi genituen», kontatu du koordinatzaileak. Iñaki Etxabe kidearen eskutik, Pauso Berriak programa ezagutzeko aukera izan zuten, baita ikastetxeak berak Don Bosco ikastetxearekin batera garatu duen Dislegi proiektua ere.

Urtean zehar ikastetxean inklusioa jorratzeko martxan dituzten bestelako praktika on batzuk ere ezagutu zituzten bertan. Horien artean, langabeentzako ikastaroak, ezgaitasuna duten ikasleentzako prestakuntza egokitua eta zailtasun mota desberdinak dituzten ikasleentzako prestakuntzak, besteak beste.

Gonbidatuek ETHAZI errendimendu handiko heziketa zikloaren ereduan oinarritutako tailer batean parte hartzeko aukera ere izan zuten, eredu horren oinarriak hobeto ezagutzeko. «Elkarreraginak sortzeko eta iritziak eta ideiak elkar trukatzeko balio izan du jardunaldiak», gehitu du Nazabalek.

INKLUSIOA TOLOSALDEAN

Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutu Integratuan ez ezik, eskualdean garatzen diren inklusio praktika «aberasgarriak» ezagutzeko aukera ere izan zuten eskualdean izan ziren irakasleek.

Tolosako udaletxera egin zuten bisita lehenik, eta bertan, herriaren eta haren inguruaren ezaugarrien nondik norakoak ezagutzeaz gain, inklusioarekin lotutako alderdiez ere aritu ziren. Peñascal Fundazioa bisitatu zuten ondoren. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba da, eta gizartean bazterturik geratzeko arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzea du helburu. Ibarrako Apatta Erreka industrialdean kokatuta dagoen Katealegaia enpresara ere joan ziren. Irabazi asmorik gabeko enpresa erakunde bat da, gizarte eta lan bazterketako arriskuan dauden pertsona ezinduentzako enplegua sortu eta mantentzea helburu duena.

Azkenik, Tolosako BHI Orixe zentroko Hipi eta Zig-eko ikasgela egonkorrak ezagutu zituzten. Bisita horretan hezkuntza premia bereziak dituzten pertsonen, etorkinen eta beste kolektiboen inklusioa eguneroko egoeretan ahalik eta autonomia handiena lortzeko asmoz nola kudeatzen duten ikasi zuten.

Horrez gain, «gizartetik baztertzeko arriskuan dauden pertsona ezgaituen» gizarteratzearen arloan egiten duten lan «baliotsua» ezagutzeko aukera ere izan zuten, eta horretarako, Gureak enpresan edota Gautena elkartean izan ziren.

Kutxa Ekogunea parkera ere egin zuten bisita, eta Pausoak proiektuaren nondik norakoak ezagutu zituzten bertan. Proiektu hori Goyeneche Fundazioak babestutako lan-programa bat da, irabazi asmorik gabeko gizarte intereseko erakundea, adimen urritasuna duten pertsonei eguneko arreta ematen diena. Programa hau naturarekin harremanetan jartzen da eta landa jarduerak egiten ditu, parte hartze aktiboa eta garapen pertsonala eta soziala ahalbidetzeko. Beste programa batzuk ere ezagutu zituzten, tartean, Garagune, fundazio berdinak kudeatua.

Azken egunean, lan jardunaldi bat antolatu zutela kontatu du Nazabalek, non proiektuan parte hartu duen erakunde bakoitzak bere hezkuntza arloko inklusioa zehazten duen Prestakuntza Planaren ezaugarriak azaldu zituen. «Modu horretan, komunean sortuko dugun Prestakuntza Plana garatzeko edukiak bateratu genituen», gehitu du koordinatzaileak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!