Aurten ere onura, errenta aitorpenean

Ataria 2023ko mar. 30a, 07:58

Atarikideek %30eko hobaria izango dute errenta aitorpena egiterakoan, lehentasunezko jardueretan sartu baitu aldundiak

Pasa den urtean bezala, aurten ere hobaria izango dute Atarikideek, errenta aitorpenean. Gipuzkoako Foru Aldundiak interes orokorreko xedeen esparruan lehentasunezkotzat jotzen diren jardueren zerrenda bat egiten du ekitaldi bakoitzeko, entitate onuradunak zein diren eta jarduera horiei zer beharkizun eta baldintza bete behar dituzten zehaztuta. 2020an euskararen esparruko lehentasunezko jardueretan herri eta eskualde mailako euskarazko hedabideak zehaztu zituzten lehen aldiz, eta aurten ildo bera jarraituko du. Horiek horrela, TOLOSALDEKO ATARIA lehentasunezko jarduera izendatu du berriz ere eta ondorioz, lehentasunezko mezenasgo jardueretan jarraitzen du.

Beraz, Atarikide guztiek, hau da TOLOSALDEKO ATARIA-ren harpidedunek, 2022. ekitaldian egindako ekarpenaren araberako onura fiskala jasoko dute aurtengo errenta aitorpenean. 3/2004 foru arauan araututako lehentasunezko jarduerek %30ko kenkaria dutela zehazten dute.

Hau da, Atarikide harpide batek 85 euroko kuota ordaindu badu horren %30 bueltatuko dio ogasunak aurtengo errentan. Atarikide Digitalen kasuan ere berdin, 60 euroren %30. Gipuzkoako Ogasunetik jakinarazi dute zuzenean gurutzatu dituztela datuak eta beraz, Atarikideek ez dute inongo izapiderik egin beharko.

Atarikideren bati zuzenean ez badio aplikatu edo arazorik balu, ATARIA-ren bezero arretarekin harremanetan jarri behar du (atarikide@ataria.eus postara mezua bidaliz edo 943 65 56 95 telefono zenbakira deituz), datuak zuzentzeko eta datorren urtean hobaria jasotzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!