ELKARRIZKETA

«Ea urrunketaren albo kalte guztiak mahai gainean jartzeko gai garen»

Jon Miranda Labaien 2023ko mar. 30a, 16:00

Tolosaldeko Sareko Nahikari Iturbek eta Etxerateko Jon Ijurkok esan dute euskal presoak etxeratzeko prozesuan jarraituko dutela bi eragileek behin urrunketa politika amaituta; gaur, Ibarrako kultur etxean, 'Tipularen sehaska kanta' filma eskainiko dute, 19:00etan.

Aurreko ostiralean Espainiako gobernuak iragarritako bost hurbilketekin, tartean Garikoitz Etxeberria lizartzarrarenarekin, Etxerat elkarteko Jon Ijurkok eta Sareko Nahikari Iturbek bukatutzat eman dute euskal presoei azken 34 urteotan ezarritako sakabanaketa politika. Aurrera begira, bi eragileek presoen etxeratze prozesuan eragiteko konpromisoa hartu dute.

Pozik aurreko ostiralean jasotako albistearekin?

Nahikari Iturbe. Bai, noski. Urte luzeetako aldarri bati amaiera ematea lortu da neurri batean. Espainian sakabanatuta zeuden presoak Euskal Herriko kartzeletara ekartzea lortu dugu. Nahiz eta ibilbide luzea izan den, gazitik gozotik baino gehiago izan duen, lorpen honi balioa ematea garrantzitsua da.

Jon Ijurko. Duela bi urte ez genuke irudikatuko gaurko egoera. Beste askotan bezala, presoen kolektiboak urteotan eman dituen pausoek ahalbidetu dute neurri batean gaur egungo egoera. Ez da guk desio dugun bukaera, baina onartu behar dugu aurrerapauso garrantzizkoa dela.

Gure eskualdeari begiratuta zein ondorio utzi ditu urruntze politika honek?

Ijurko. Min handia eragin du. 16 senide hil dira errepidetan. Lehena Rosa Amezaga tolosarra izan zen, Koldo Amezaga presoaren arreba, trafiko istripu batean hil zena 1982an. 1989an, berriz, Leo Esteban Nietok istripu larria izan zuen. Zango bat galdu eta oinaze handiak utzi zizkion istripuak. 2004an hil zen eta ordurako hila zuen Esteban anaia. Hura ere espetxe politika anker honen ondorioz eraila.

Iturbe. Urteotan Mirentxin eta gisa horretako ekimenei esker egin ahal izan zaio aurre batere xamurra izan ez den egoera honi. Heriotzak dira izeberg-aren punta eta uste dut hildakoekin batera politika hau sufritu duten guztiek merezi dutela aitortza. Ikusi beharko dugu urrunketak sortu dituen albo kalte horiek guztiak mahai gainean jartzeko gai garen etorkizunean.

Ijurko. Aipatu nahi dut larunbat honetan aitortza eta erreparazioaren aldeko ekimen bat egingo dela Donostian, dispertsioak eragindako kaltea jasan dutenen pertsona guztiei bideratuta.

Euskal presoak Euskal Herriratzearen alde egin den lanaren ondorioa da sakabanaketaren amaitzea?

Iturbe. Bai. Hamabi urte igaro dira Aieteko ituna sinatu zenetik. Bertan aipatzen zen presoen auziari aterabide bat eman behar zitzaiola. Urte horiek denak pasatu eta argi dago alde bakarreko pausoak eman direla egoera hau konponbidean jartzeko. 2017an presoen kolektiboak hartu zituen erabakiak mugarri izan ziren eta eragile politiko, sozial eta sindikalek eraginda, gizartean emandako mobilizazioek ekarri gaituzte honaino. Badirudi politikoki zuzena dela orain urrunketaren aurka egotea baina 34 urtetan iraun baldin badu, salbuespen neurri hau babestu duten politikariak egon direlako izan da. Urrunketa inoiz existitu behar izan ez zuen neurri bat da.

Sakabanaketa euskal presoei ezarritako salbuespenezko neurrietako bat izan da, baina ez bakarra.

Iturbe. Ikusi besterik ez dago azken hilabeteetako egunkarietako lerroburuek diotena. Gradu erregresioak ematen ari dira. Lehen agian urrunketak ia guztia estaltzen zuen, baina egia da euskal presoek orokorrean era guztietako salbuespenak bizi behar izan dituztela. Urte luzez lehen graduan egon behar izan dute, euren gaixotasuna larria izanagatik preso gaixoek kartzelan segitzen dute... Eta orain gradu progresioan aurrera egiteko oztopoak jartzen dizkie salbuespenezko tribunala den Auzitegi Nazionalak.

Ijurko. Gatazka armatua amaitu da, baina oraindik ez da konponbidea etorri eta Espainia aldean gai dira eman diren pausoak desegiteko. Egingo dute, uzten badiegu. Horregatik inoiz baino inportanteagoa da albo batera ez gelditzea eta eskubideen borroka honetan geroz eta indar gehiago biltzea.

Iturbe. 180 euskal preso inguru ditugu eta 33 baino ez daude hirugarren graduan. 110 presok egon beharko lukete gradu horretan. Beste askok, esango nuke %90k, irteerak egiteko aukera izan beharko lukete eta eskubide hori oztopatzen diete. Salbuespenezko neurriak aplikatuko ez balitzaizkieke 10 presotik 9 ia kalea ukitzen leudeke. Gehiegi luzatzen ari da kontua. Euskal presoen %80k 20 urte baino gehiago daramatza espetxean. Izugarria da.

Larunbatean Villabonan egin zenuten Etxera Eguna bezalako gehiago egingo dituzue?

Iturbe. Bai. Hemendik eta maiatzera bitartean gonbita hori luzatu diegu sarekideei. Data batzuk lotuta daude: Etxarri Aranatzen apirilaren 15ean eta Donostiako Antigua auzoan apirilaren 22an.

Gaur Ibarran, 'Tipularen sehaska kanta' pelikula eskainiko duzue. Zer kontatzen da bertan?

Iturbe. Sarek proposatuta egin zuen filma Lander Garrok. Crowfounding kanpaina bat burutu genuen pelikula egin ahal izateko eta denon filma dela esan genezake, denok jarri genuelako gure hondar aletxoa. Osasunaren arloan, sakabanaketak eragin dituen albo kalteak aipatzen ditu Tipularen sehaska kanta-k. Kontakizun oso gogorrak daude, baina erreala da hor esaten den guztia.

Ijurko. Filmean aipatzen den Ibon Fernandez Iradi gaur egun Martutenen daukate. Esklerosi anizkoitza du eta etxean egon beharko luke arta egoki bat jasotzen. Gaurko emanaldian Ibonen gurasoak eta Esteban eta Leoren arreba Usoa Esteban Nieto izango dira euren bizipenak kontatzen.

Aurrera begira Etxerat eta Sare herritarrak zein lan egingo dute kalean?

Iturbe. Gure lana ez da asko aldatuko. Lehenengo fasea ixtear zela, bigarrenean buru-belarri murgilduta geunden, erregresioen egoera horri aurre egin nahian. Salbuespen neurri horiek ez dira erabat amaitu eta orain arte beste aldarri horiek lantzen genituenez horretan jarraituko dugu ahaleginean.

Ijurko. Desmobilizatzeko arriskua egon daiteke. Guztia konponduta egongo balitz bezala ulertu dezake jendeak. Baina gaur duela 34 urte egon beharko ginatekeen egoeran gaude. Pasatu dugun guztia pasa dugulako iruditzen zaigu lorpen handia, baina orain duela 34 urteko aldarria berreskuratu behar dugu. Gure aldetik Etxerat desagertuko da azken euskal presoa etxeratzen denean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!