Grebara deitu  dute Ikasle Abertzaleek

Ataria 2023ko mar. 29a, 07:58

Enpresari handiek hezkuntzan geroz eta gehiago esku hartzen dutela iritzita egin dute greba deialdia biharko; mobilizazioak hiriburuetan izango dira 12:00etan.

Ikasle Abertzaleek greba deialdia egin dute biharko, hilak 30. Tolosaldeko Ikasle Abertzaleek esan dute enpresari handiek hezkuntzan geroz eta gehiago esku hartzen dutela eta horrek ondorio zuzenak dituela. «Enpresari handiek ondorengo langile belaunaldia hezteko erabiltzen du hezkuntza, ikasleen garapena eta jakintzaren sozializaziorako instituzio izan ordez diziplinamendurako prozesua besterik ez da». 

Salatu dute enpresarien «prozesu diziplinatzaile bat» dela gaur egungo hezkuntza eredua eta horren adibide direla «ordu luzez ikastetxeetan egon beharra, ikastetxetik kanpo ikasketa prozesua jarraitu behar izatea, irakasleen jarrera autoritarioak onartu behar izatea, zer pentsatu behar dugun inposatzea edo edozertarako baimena eskatu behar izatea…». «Horrelako neurrien bitartez ikasleak etorkizuneko lanaldira hobekien moldatuko direla bermatzen dute», gehitu dute.

Greba deialdia Hego Euskal Herriko ikastetxeetako eta unibertsitate zein Lanbide Heziketetako ikasleei luzatu diete. Mobilizazioak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo dituzte. Tolosaldeko ikasleei Donostiara gerturatzeko deia egin diete. 12:00etan hasiko da mobilizazioa Ibaetako Aulariopetik. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!