Ekainaren 17an eta 18an Bizipoza jaia hartuko du Amasa-Villabonak

Ataria 2023ko mar. 28a, 15:57

Festaren aurretik, Aiztondo bailara osoan, Anoetan eta Iruran izango dira ekimenak. Ekainaren 18an Amasa-Villabonan izango da festa nagusia, eta bezperan, Oinkari dantza taldeak bi emanaldi berezi egingo ditu.

Ekainaren 17an, larunbata, eta 18an, igandea, izango den festaren inguruko xehetasunak eman dituzte gaur Villabonako Amalurra plazan egin duten aurkezpenean. Ainhoa Beobide zizurkildarra izango da aurtengo jaiaren koordinatzailea eta bi ekitaldi nagusi izango direla aurreratu du. Batetik, larunbatean «Oinkari dantza taldeak bi emanaldi egingo ditu, Bizipoza elkarteko 20 abestirentzat prestatutako koreografiekin». Bestetik, igandean, jai nagusia izango da Amasa-Villabonan. «Pailazoen emanaldia eta musika taldeen kontzertuak izango dira bertan, baina aurrerago argitaratuko dugu egitaraua, ordutegiekin», esan du.

Aurtengo Bizipoza jaiaren aurretik, hiru ardatzen inguruan lanean ari direla esan du Beobidek. Lehenik, Aiztondo bailarako, Anoetako eta Irurako ikastetxeetan bizipoza zer den landu dute, Porrotx pailazoaren eskutik. Bestetik, apiriletik maiatzera bitarte ikastetxeetan eurek aukeratutako sentsibilizazio saioak egingo dituzte. Azkenik, bi unitate didaktiko sortu dituzte, adin guztietako haur eta gaztetxoekin lantzeko dinamikekin.

Euskal Herriko 36 elkartek osatutako sarea da Bizipoza elkartea. Leire Elizegi Bizipoza elkarteko Gipuzkoako koordinatzaileak azaldu du elkarte horiek haur eta familiek osatutakoak direla, eta eskubide desberdinen aldeko borrokan dihardutela. «Askotariko gaiak lantzen dituzte, eta lau taldetan banatzen dira: gizarte arlokoak, gaixotasunak dituztenak, sindrome edo aniztasun funtzionalak dituztenak eta familia ereduari edo generoari lotutakoak».

Festaren aurkezpen ekitaldian izan dira Bizipozako elkarte desberdinetako ordezkariak, besteak beste, aurtengo jaiaren antolatzaileak: Tolosaldea Sahararekin, Aspanogi, Etiopia Utopia eta Naizen. Tolosaldea Sahararekin elkarteko Eli Eizagirrek Oporrak Bakean programari buruz hitz egin du, eta eskaera egin die eskualdeko familiei, udaran haur sahararrak hartzeko. Bestetik, Aspanogi elkarteak 25. urteurrena betetzen du aurten. «Hasieran 4 familia ginen, eta gaur egun 234 gara. Umore ona da gure botika onena», esan du elkarteko ordezkariak. Etiopia Utopia eta Naizen elkarteko ordezkariek hartu dute hitza ondoren. Azken honek, nerabeei begira, «erronka berriak» dituztela aurreratu du.

Herrien arteko elkartasuna

Elizegik adierazi du elkarte horiek guztiek helburu komunak dituztela, eta hori dela eta, elkartasuna dela guztien oinarria. «Aurtengo jaian, elkartasun hori islatuko dugu, herrien arteko elkartasunarekin, hain zuzen. Lehen aldiz, herri bakarra hartu ordez, bailara osoa hartuko du jaiak; erronka berria izango da guretzat. Oinarrian, elkartasuna, bizipoza, euskara, kultura, hezkuntza, alaitasuna, auzolana eta herrigintza sustatzen duen egitasmoa izango da», gaineratu du.

Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak hitz egin du Aiztondo bailarako, Anoetako eta Irurako alkateen izenean, eta esan du «ohorea» eta «ekarpen ederra» dela «aniztasunaren eta elkartasunaren topaleku» izatea. «Bizipoza osatzen duten elkarteek beti izango dute leku bat hemen». Azkenik, bailarako nahiz inguruko herritarrak gonbidatu ditu ekainaren 17an eta 18an ospatuko den festan parte hartzera.

Amaitzeko, Elizegik eskerrak eman dizkie Aiztondo bailarako, Anoetako eta Irurako udalei, herriei, ikastetxeei, eragileei eta norbanakoei. «Guzti hau elkarlan baten emaitza izaten ari da, eta horrela izango da aurrerantzean ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!