Atarikideek aurten ere onura izango dute errenta aitorpenean

Ataria 2023ko martxoaren 28a

Atarikideek %30eko hobaria izango dute aurtengo errenta aitorpenean, iaz bezala, aurten ere, Tolosaldeko Ataria lehentasunezko jardueretan sartu baitu aldundiak.

Pasa den urtean bezala, aurten ere hobaria izango dute Atarikideek, errenta aitorpenean. Gipuzkoako Foru Aldundiak interes orokorreko xedeen esparruan lehentasunezkotzat jotzen diren jardueren zerrenda bat egiten du ekitaldi bakoitzeko, entitate onuradunak zein diren eta jarduera horiei zer beharkizun eta baldintza bete behar dituzten zehaztuta. 2020an euskararen esparruko lehentasunezko jardueretan herri eta eskualde mailako euskarazko hedabideak zehaztu zituzten lehen aldiz, eta aurten ildo bera jarraituko du. Horiek horrela, Tolosaldeko Ataria lehentasunezko jarduera izendatu du berriz ere eta ondorioz, lehentasunezko mezenasgo jardueretan jarraitzen du. 

Mezenasgoa
Entitate onuradunak, kasu honetan Ataria-k, 2022ko urtean zehar zenbait jarduera eta programa egin dituela adierazi du,  2022. urterako mezenasgoko lehentasunezko jarduerak aitortuz eta ezarritako betebeharrak betez. Horrela onartu dute diputatu nagusiaren foru dekretu bidez.

Atarikide guztiek, hau da Tolosaldeko Ataria-ren harpidedunek, 2022. ekitaldian egindako ekarpenaren araberako onura fiskal bat jasoko dute aurtengo errenta aitorpenean. 3/2004 foru arauan araututako lehentasunezko jarduerek %30ko kenkaria dutela zehazten dute. 

Hau da, Atarikide harpide batek 85 euroko kuota ordaindu badu horren %30a bueltatuko dio ogasunak aurtengo errentan. Atarikide Digitalen kasuan ere berdin, 60 euroren %30. Gipuzkoako Ogasunetik jakinarazi dute zuzenean gurutzatu dituztela datuak eta beraz, Atarikideek ez dute inongo izapiderik egin beharko.

Atarikideren bati zuzenean ez badio aplikatu edo arazorik balu, Ataria-ko bezero arretarekin harremanetan jarri behar du (atarikide@ataria.eus postara mezua bidaliz edo 943 65 56 95 telefono zenbakira deituz), datuak zuzentzeko eta datorren urtean hobaria jasotzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!