Xabier Tolosaren lesioak erabaki du finalerdia

Ataria 2023ko mar. 26a, 20:19

Xabier Tolosa, lesionatuta aldageletara joaten, medikuaren laguntzarekin. EITB.COM

Amaiera tristea izan du Binakako Pilota Txapelketaren finalerdi erabakigarriak. Xabier Tolosa lesionatu egin da, eta partida utzi egin behar izan du, bera eta Jokin Altuna 19-16 irabazten ari zirela.

Partida ederra jokatzen ari ziren Altuna III-Tolosa eta Elordi-Zabaleta. Eskualdeko bikotea ez zen faboritoa, baina argi utzi dute finalera pasa nahi zutela eta bere onena eman dute. Elordi eta Zabaleta ez dira orain arte bezain erregular aritu. Zabaletak partidaren amaieran esan du arazo batzuk dituela, eta partidan zehar nagusitu bada ere, ez da izan partida hausten duen ohiko pilotaria. Altuna III.a eta Tolosa bikain aritu dira: amezketarrak beste behin erakutsi du zergatik den kirol honetan izarretako bat, eta Tolosak txapelketako partida onena egin du, ia pilotarik galdu gabe, Zabaletak eta Elordik hainbatetan atzeko koadroetara bidalitako pilotakadei bikain erantzunez.

Baina batzuetan kirola krudela izan daiteke, eta oraingoan Tolosari, eta berarekin batera Altunari tokatu zaie. Oso gertu zuten finala, eta lesioa iritsi da. Tolosak keinua egin dio medikuari, zuntz haustura zela esanez. Aldageletara joan da, bere zorte txarra madarikatzen eta haserre. Bitartean, Altunak badaezpada epaileari galdetu dio ea bakarrik jokatzeko aukerarik izango ote zuen. Minutu gutxi batzuk pasa dira, eta Tolosa herrenka itzuli da kantxa aldera. Altuna joan zaio, eta Tolosak esan dio ezin zuela segi partidan. Amezketarrak esan dio kantxara sartzeko kasu egitera frontoia ia bete duten zaleei, eta ia negarrari eutsi ezinik, anoetarrak pauso batzuk eman eta segituan bueltatu da aldageletara. Bitartean, sekulako txalo zaparrada jaso du Tolosak.

Esan daiteke gaur ez dela irabazlerik izan, eta Elordik eta Zabaletak triste hitz egin dute partida bertan behera geratu ondoren. Tolosa aurkari izan dute gaur, baina laguna ere bada, eta horrelako egoera bat sufritzen ari dela ikustea ez zaie batere atsegina egin. Altuna III.ak ere hunkituta hitz egin du, lagun eta bikotekideari gertatu zaiona ikusita. Datorren igandean izango da finala, Laso-Imaz eta Elordi-Zabaleta artean, baina pilota zale guztien gogoan gaur Tolosari gertatutakoa egongo da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!