Elur Urkolak hirugarren egin du Gipuzkoako Esprint Duatloi Txapelketan

Ataria 2023ko martxoaren 24a

Junior mailan Aratz Urkola lehenengoa eta Alaia Ait Chaou bigarrena izan ziren.

Añorgan Gipuzkoako Esprint Duatloi Txapelketa egin zen martxoaren 12an, eta bertan Tolosaldeko Triatloi Taldeko hainbat kide izan ziren. Gizonezkoetan, Elur Urkolak absolutu mailan hirugarren postua eskuratu zuen eta junior mailan garaipena. Emakumezkoetan, Aratz Urkolak Gipuzkoako txapelketa eskuratu zuen jubenil mailan eta Alaia Ait Chaou txapeldunorde izan zen maila berean. Axier Tejeria taldekidea ere primeran aritu zen txapelketan.

Bestalde, pasa den asteburuan distantzia motzeko Euskadiko Duatloi Txapelketa egin zen Oñatin. Parte hartzaileek 10 kilometro korrika, 40 kilometro bizikletaz eta amaitzeko beste 5 kilometro korrika egin zituzten. Tolosaldeko Triatloi Taldeko sei partaidek ekin zioten frogari, baina eguraldi kaxkarra, lesioak eta arazo mekanikoak medio, erdiek amaitu zuten soilik. Josu Goenagak sailkapeneko 11. postua eskuratu zuen, Danel Leundak 21.a eta Beñat Azaldegik 28.a. Taldeka sailkapenean podiumetik oso gertu geratu ziren, laugarren postua eskuratuz.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!