Gehigarria: Lanbide Heziketa

«Lan munduan dauden erronkei aurre egiten erakutsi didate»

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 30a, 10:00

Eric Sanchez Barrocal (Tolosa, 2000) administrazio eta finantzen goi mailako zikloa egiten ari da, eta aurretik sareko informazio eta sistemen administrazio zikloa egin zuen.

Zergatik erabaki zenuen Lanbide Heziketara jotzea?
Ez nuen oso argi, unibertsitateko ziklo ezberdinek ez zituzten nire nahiak asetzen. Hasiera batean lau urteko ibilbidea egitea gehiegi iruditzen zitzaidan gainera. Oso gustuko dut informatika eta horri lotutako ikasketek bi urtekoak izateak ere izan zuen eragina erabakian. Lan mundura gerturatzea ere oso interesgarria iruditzen zitzaidan.

Informatika zikloa egin zenuen eta orain administrazioko zikloa egiten ari zara, nolakoa izan da ibilbidea?
Informatikako zikloa egin nuenean Dual programan sartzea erabaki nuen eta bigarren ikasturtean ikasketak eta lana uztartu nituen. Behin zikloa amaituta enpresa horretan lanean hasteko aukera izan nuen. Enpresa txiki bat da eta pandemia dela eta egin zituzten murrizketen ondorioz, nire burua kalean ikusi nuen egun batetik bestera. Momentu hori hausnarketarako erabili nuen eta nire lanbideari bide berri bat irekitzeko asmoz administraritzako zikloa egitea erabaki nuen.

Eskolan ikasitakoa baliagarria izan al da lan munduan?
Oso oinarri ona jaso nuen eskolan, bai teknikoki eta baita zeharkako gaitasunei begira ere. Lan munduan aurkitu daitezkeen erronkak landu ditugu eskolan ETHAZI eredu metodologikoaren bidez eta asko lagundu didate. Eredua oso lagungarria izan da teknikoki, baina bestelako arlo batzuk lantzeko aukera ere izan dut, hala nola, autonomia landu dut, lan taldean aritzen, birziklatzeari buruz aritu gara, ikasten ikasi dut... Informatikari lotuta hainbat sektoretan lantzen diren programak, teknologia, protokoloak... landu ditut ere.

Baliagarria izan al da Dual programan egindako esperientzia?
Enpresak ni ezagutzeko aukera izan zuen, eta nik lan munduan zein ibilbide egiteko aukera dagoen ikusi nuen, oso pozik nago esperientziarekin.

Zer esango zenuke Lanbide Heziketari buruz?
Ondo pentsatuta dagoen hezkuntza sistema bat dela iruditzen zait eta lan mundura bideratuta dagoela. Eskolan egindako erronkek, errealitatetik gertu daudenez, asko laguntzen dute ikaskuntza prozesuan.

Gomendatuko al zenuke?
Bai, dudarik gabe. Ni bezala, unibertsitateko bideek ez badizute asetzen eta bide laburrago bat aukeratu nahi izanez gero bide paregabea da. Bestalde, ni bezala, lan mundura pausoa eman nahi duenarentzat ere bide egokia dela iruditzen zait. Orain lehenengo ikasturtean ere hiru asteko enpresa esperientzia bat izateko aukera dago eta horrek ere laguntzen du. Niri administrazioko munduan murgiltzea eskainiko dit, eta gustuko dudan ala ez ikusi ahal izango dut. Enpresekin harreman estua dago ikasten den bitartean eta oso baliagarria da.



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!