Gehigarria: Lanbide Heziketa

Autobus baten azpian etortzetik, zerbitzari buru izatera

Ataria 2023ko mar. 29a, 10:00

Mokhtar Reghiouk 15 urterekin ihes egin zuen bere herrialdetik. Adingabea zela iritsi zen Europara eta Sevillako adingabeen zentro batera eraman zuten zuzenean. Beste bi zentrotatik igaro zen, Gipuzkoara iritsi arte.

Adingabeen zentroan, ikastaro bat egin behar zuela esan zioten, eta hezitzaileek Peñascalera Oinarrizko LH egitera joateko gomendatu zioten. 2016ko maiatzean iritsi zen Peñascalera eta ikasturtea hasita zegoenez, ibilbide-programa batean sartu zen, eskoletan matrikulatuta egon gabe zentrora sartzeko aukera izan zezan.

Reghiouk 2016-2017 eta 2017-2018 ikasturteetan Ostalaritzako Oinarrizko Lanbide Heziketan aritzea erabaki zuen, soldadura baino gehiago gustatzen zitzaiolako. «Gauza asko ikasi nituen», esan du. Izan ere, Usabalen teoria eta hizkuntza ikasteko aukera izan zuen eta baita sukaldeko lanak egitekoa ere. Leaburuko Ostatura igotzen hasteko aukera izan zuen eta hasieran sukaldean bakarrik aritu nahi zuen, «ez nintzen oso eroso sentitzen tabernako barran: hizkuntza, erraztasuna...», baina jatetxeko bezeroekin egunero aritzeak lagundio ziola dio. «Ostatuan txandaka ikasten dugu; elikagaien harrera, gela hotza, lehen platerak, plater nagusiak, postreak, harraska, jangela eta taberna... horrela denetik ikasiz joan nintzen eta lotsa edo beldurra kenduz joan nintzen. Pixkanaka konturatu nintzen barra gero eta gehiago gustatzen zitzaidala eta, jendearekin harremana izatea gustuko nuela, euskara entzutea maite nuela... Egia esan nire ustez bezeroek eskertzen dute hori».

Oinarrizko Lanbide Heziketa amaitu eta praktikak Leaburuko Ostatuan egin zituen eta horrek aukera eman zion Servicios de Hostelería de Peñascal-en kontratu bat izateko. Hiru urtez Leaburuko Ostatuan aritu zen lanean, barran zehazki, eta denbora horretan Peñascalekoen bidez lortu zuen eskualdean ostatu hartzea.

Leaburuko Ostatuan lanean ari zela jaso zuen Tolosako Fronton jatetxeko txurro-dendan lan egiteko proposamena eta Fronton-eko eraberritze lanak bukatu bezain pronto hasi zen bertan lanean. Hor jarraitzen du; «hemen oso harro nago nire lanarekin eta jendearekin».

Aukerak aprobetxatu egin behar direla uste du Reghiouk. «Nire kasuan Oinarrizko Lanbide Heziketa ikasteak eta nik burututako lanak eraman naute nagoen tokira», esan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!