Gehigarria: Lanbide Heziketa

«Lanbide heziketak errealitatearekin lotura estua du»

Ataria 2023ko martxoaren 28a

Saioa Etxezarreta Larrañagak (Gabiria, 2003) mendekotasun egoeran dauden pertsonen arreta egiteko erdi mailako zikloa egin zuen lehenik, eta orain gizarteratzeko goi mailako teknikaria izateko ikasketak burutzen ari da. Ikastolan hainbat proiektutan aritu da boluntario moduan, suizidioari aurre egiteko Berpiztu taldean, esaterako.

Zergatik erabaki zenuen Lanbide Heziketara jotzea?
Ez nengoen ados DBHn landutako metodologiarekin, denok ez baitugu balio ikasgaiak buruz ikasi eta azterketan ikasitakoa erakusteko. Nik nahiago dut metodologia praktikoago bat. Errealitatearekin lotura duenarekin hobeto moldatzen naiz eta horregatik erabaki nuen Lanbide Heziketara jotzea. Nire ustez denok pasa beharko genuke Lanbide Heziketa batetik.

Zergatik erabaki zenuen erdi mailako zikloa egin ostean, goi mailakoa egitea?
Bi ikasketek arlo berdina jorratzen dute, lotura zuzena dute. Arretari lotutako zikloan higienea lantzen da batez ere, eta gizarteratzean jarduerak eta dinamizatze lanak jorratzen dira gehiago. Ate gehiago irekitzen dira, nire ustez, goi mailakoan, nire kasuan behintzat, eta oso kontentu nago.

Kroaziako hiriburuan, Zagreben, zaude praktikak egiten, zer moduzko esperientzia izaten ari da?
Eramus + programaren barruan etorri nintzen Zagrebera, eta oso gustura nago. Esperientzia oso berezia eta aberasgarria izaten ari da. Ingelesa praktikatzeko aukera ere eman dit. Desgaitasun intelektuala duten pertsonak dauden eguneko zentro batean nago praktiketan eta asko ari naiz ikasten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!