Udaberriko Saria txapelketako finalak jokatuko dituzte asteburuan

Ataria 2023ko martxoaren 23a

Gipuzkoako pilotalekuetan ariko dira pilotari gaztetxoak, tartean, eskualdeko hiru bikote. Bestetik, eskualdeko palistek Udaberri Txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte larunbatean, Alegiako Elorri pilotalekuan.

Bihar, ostirala, eskuz binakako kadeteen 1. mailako (ekialdea) finala jokatuko dute Amezketako Zazpi Iturri Pilota Elkarteko Aitor Carrerak eta Ametz Gorostidik, Ataungo Auzoeta frontoian. 19:15ean hasiko da partida eta Ataungo Oier Izagirre eta Aetz Lopezen aurka jokatuko dute.

Etzi, larunbata, Tolosako Beotibar frontoian bi final jokatuko dituzte. 11:00etan hasiko da jaialdia, eta lehen partidan, Hernaniko Joseba Arretxek eta Martin Alberdik, Mundarroko Unax Pascual eta Aimar Zabalaren aurka jokatuko dute, eskuz binakako kadeteen bigarren mailako (ekialdea) finala. Bigarren partidan, Tolosa 3 taldeko Beñat Elolak eta Aitor Perurenak, Oiarpe Pilota Eskolako Aitor Etxeberriaren eta Unai Zelarainen aurka jokatuko dute eskuz binakako kadeteen bigarren mailako (Gipuzkoa) finala.

Azkenik, igandean, hilak 26, Bergarako Udal Pilotalekuan, eskuz binakako kadeteen 1. mailako mendebaldeko finala jokatuko dute, Behar Zanako Inhar Iparragirrek eta Urko Otaegik. 11:00etan hasiko da partida eta Bergarako Aratz Etxeberriaren eta Aratz Ormaetxearen aurka jokatuko dute.

Alegian, finalaurrekoak

Larunbatean, pilota partida gehiago izango dira Alegiako Elorri pilotalekuan; eskualdeko palistek Udaberri txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte  17:00etatik aurrera. Jubenil mailan, Intxurre eta Behar Zanako bikoteek jokatuko dute; irabazleak Txulobi izango du zain finalean. Nagusien mailan, berriz, Intxurreko bi bikote ariko dira elkarren aurka. Ondorioz, Intxurrek ziurtatuta duela presentzia Hernaniren aurkako finalean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!