Gehigarria: Lanbide Heziketa

«Naturarekin harremanetan egoteko aukera ezin hobea da»

Ataria 2023ko mar. 27a, 10:00

Lide Arregi Markuleta (Oñati, 2006) eta Aratz Arabaolaza Gorostizu-Orkaiztegi (Bergara, 2006) lorezaintza eta loregintzako, eta nekazaritza eta abeltzaintza ekoizpeneko erdi mailako zikloetako ikasleak dira, hurrenez hurren. Eskolan bertan egiten dituzte praktikak eta biak bizi dira eskolako barnetegian ikasturtean zehar. Apirilean enpresetan aritzeko aukera izango dute.

Zergatik aukeratu zenuten Lanbide Heziketa egitea?
Arregi: Beti izan dut gustuko naturarekin kontaktuan egotea. DBH bukatu nuenean, zerbait praktikoa aurkitzen hasi nintzen nire kabuz. Fraisoroko eskaintza ikustean, lorezaintzak erakarri ninduen eta beraz, ziklo hori aukeratu nuen.

Arabaolaza: Txikia nintzenetik animaliak, ortuko barazkiak, fruta-arbolak… gustatu izan zaizkit eta kalekumea naizenez eta mundu horrekin harremana edukitzeko aukera izan ez dudanez, aukera ezin hobea iruditu zitzaidan.

Praktikak egin dituzue? Baliagarriak izan dira?
Arregi: Eskolan bertan egin ditugu praktikak. Apiriletik aurrera enpresetan egiteko aukera izango dugu. Orain arteko praktikak baliagarriak eta entretenigarriak izan dira.

Arabaolaza: Bai, zorionez eskola honetan praktika asko egiten dira. Egunero izaten ditugu hiruzpalau ordu. Guztiz baliagarriak dira. Bi arlotako praktikak egiten dira eta iritsi nintzenetik asko ikasi dut.

Zer esango zenukete Lanbide Heziketari buruz?
Arregi: Aukera polita dela jende ezberdina ezagutu eta lan praktikoak egiteko, teorikoez gain asko ikasi daiteke.

Arabaolaza: Aukera ezin hobea dela, ikasle eta irakasleen artean sekulako harremana dago, teoriaz gain praktika asko egiten dira gainera. Mundu honetan sartu nahi izanez gero, sekulako aukera da.

Gustura zaudete egindako apustuarekin?
Arregi: Oso gustura nago egindako apustuarekin eta ez naiz inoiz damutuko.

Arabaolaza: Bai, oso gustura nago, ez dauka zerikusirik DBHrekin eta askoz aproposagoa da nire iritziz, gehiago ikasten da.

Gomendatuko al zenukete?
Arregi: Bai, oso gomendagarria da.

Arabaolaza: Bai, guztiz gomendagarria da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!