Elkarrizketa

«Joko polita da, baina xakea krudela izan daiteke»

Imanol Garcia Landa 2023ko mar. 23a, 11:59

Billabona Xake Elkartean dauden jokalarietatik onenetakoa da Aimar Alvarez. Lehen taldean dago tolosarra eta larunbatean jokatuko dute igoera faseko azken jardunaldia.

Aimar Alvarezek (Tolosa, 2005) Billabona Xake Elkarteko lehen taldean jokatzen du, Gipuzkoako Ligako preferente mailan. Taldean lau xakelarik parte hartzen dute, eta bera da gazteena. Gainera, taldeko lehen taula da.

Larunbatean izan zenuten igoera faseko azken-aurreko jardunaldia, Gros D taldearen aurka. Nola joan zen?

Txapelketa irabazten saiatzen ari diren taldeetako bat da, eta 2,5-1,5 egin genuen gure alde, lehen bi tauletan irabazita eta laugarrenean berdinketa lortuta. Sentsazio onak izan genituen.

Larunbatean duzue azken jardunaldia. Igotzeko aukera duzue?

Lehen postuan dagoen taldea, Fomento Cultural, harrapatu dezakegu, baina nahiko zaila da, talde indartsua delako. Aurreko urtean talde horrek irabazi zuen, baina uko egin zion Euskal Ligara igotzeari. Aurten ere uko egiteko asmoa dute, beraz, bigarren postua lortuta igotzeko aukera izango genuke. Justu, Gros D daukagu aurretik, baina puntu bakarrera, beraz, ez du itxura txarra.

Eta igoera lortuz gero, zer egingo du Billabona Xake Elkarteak?

Oraindik ez dugu erabaki garbirik hartu, baina posible da guk ere uko egitea. Gipuzkoako preferente mailatik Euskal Ligako bigarren mailara ez dago aldaketa handirik mailari dagokionez, baina bidaien aldetik Bizkaira eta Arabara joatea egokitu daiteke. Beraz, ez dakigu mereziko digun igotzeak.

Lehenengo taula bezala zaude taldean. Zer suposatzen du zuretzat?

Lehen taula izateak beti du garrantzia. Aurreko denboraldian bigarren taula bezala aritu nintzen eta nabaritzen da saltoa, bai maila aldetik eta baita arduragatik ere. Izan ere, taldearen emaitza orokorrarentzako garrantzitsua izaten da. Ni oso gustura nago postu horretan jokatzen ari naizelako.

Ligaren aurretik norbanakoen txapelketak edota torneoak izan dituzu. Nola moldatu zara?

Irailetik pare bat txapelketa jokatu ditut. Sestaon jokatu nuen horietako bat. Oso txapelketa polita izan zen, eta emaitza ona lortu nuen, ondo jokatuz gainera. Hiru maisuren aurka jokatu nuen, eta biren kontra berdinketa egin nuen, partida onak jokatuta. Galdu nuen partida ere oso ondo jokatu nuen. Azkenean hamargarren geratu nintzen. Gero, Arrasaten jokatu nuen Gabonetan, bost txandetako txapelketa. Ez zen oso luzea izan, baina hau ere polita izan zen. Txapelketa horretan ez nuen emaitza aipagarririk lortu.

Maisu diozunean, hor ere maila ezberdinak daude, ezta?

Hiru titulu daude maisuetan. Garrantzitsuena Maisu Handia titulua da, ondoren Nazioarteko Maisu titulua, eta bestea xake federaziokoa, FIDE Maisua deitzen zaiona. Sestaon Nazioarteko Maisu titulua zuten bi xakelariren aurka jokatu nuen; bestea FIDE Maisua zen.

Maisu izatearena xakelariak duen elo puntuazioaren arabera izaten da, ezta? Zuk zenbat elo puntu dituzu?

Oraintxe bertan, FIDEren orrialdean 1.940 elo puntu ditut. Justu ligako lehen hiru jardunaldiak bakarrik ditut kontuan hartuta, eta horiek galdu egin nituen. Irabazi ditudan azken lau partidekin 2.000 elotan jarriko naiz, eta nire asmoa da 2.100 elotara igotzea. FIDE Maisua izateko 2.300 puntu lortu behar dira. 2.200ekin maisu hautagai titulua hartu daiteke, baina jende gutxik hartzen du titulu hori. Nazioarteko Maisu izateko 2.400 elo puntu behar dira eta horrez gain 2.450ko errendimendua izan behar da gutxienez hiru txapelketa baliagarritan. Maisu Handi izateko 2.500 elo behar duzu, eta baita 2.600eko errendimendua.

Egunen batean titulu horietako bat lortzen saiatuko zara?

FIDE Maisua izaten saiatuko naiz, baina ez dakit lortuko dudan. Aurten, 18 urte ditudanez, nire azken urtea da irabazitako partida bakoitzeko 40 puntu arte lortzeko. 18 urtetik gora dituzunean, gehienez 20 puntu lortu ditzakezu. Uda honetan, unibertsitateko ikasturtea amaitzerakoan, asko entrenatzen eta txapelketak jokatzen saiatuko naiz, eta ea zenbat igotzen naizen. Zaila iruditzen zait aurten 2.300 elo puntutara igotzea, baina hemendik urte batzuetara lortu dezakedala uste dut.

Orain arteko zure ibilbidean, zein izan dira zure lorpen nagusienak?

Nahiko berandu hasi naiz xakean, Espainia mailan ikusten denarentzat, beraz, gaztetxotan ez ditut hainbeste lorpen izan. Duela bi urte, 16 urtez azpiko Espainiako Txapelketan, 200 jokalari ginen, eta 14. geratu nintzen azken partidan berdindu ondoren. Azken partida hori irabaztetik oso gertu egon nintzen, mugimendu batera esan daiteke, eta irabazi izan banu hirugarren geratu zenarekin puntuetara berdinduko nuke.

Horrek balio du erakusteko xakean mugimendu batek garrantzi handia duela, ezta?

Joko polita da, baina xakea krudela izan daitekeela esan dezakegu. Partida guztia oso ondo jokatu dezakezu, eta jokaldi batean irabaztetik galtzera pasa zaitezke.

Nolatan hasi zinen xakean jokatzen?

Txikitan aiton-amonen etxera joaten nintzen. Nire aitonak damatan jokatzen erakutsi zidan eta ohitura genuen elkarrekin jokatzeko. Behin xake piezak ikusi nituen eta galdetu nion ea erakutsiko zidan horiekin jokatzen. Erakutsi zidan eta berarekin jokatzeko ohitura hartu nuen. Gero, eskolaz kanpoko ekintza bezala hartu nuen. Halere, denbora pasa zen lehen txapelketa jokatu arte. Euskal Herrian hamabi urte izan arte ezin zara federatu, eta, beraz, nire lehenengo txapelketa jokatu nuen ia hamahiru urte nituela.

Zerbaitetan laguntzen dizu xakeak egunerokotasunean?

Hasteko, jendeak pentsatzen du xakea oso konplikatua dela, eta badu alde hori, baina ez da hain konplikatua jokatzen jakitea. Zure lagunekin jokatzeko edo zure mailakoekin jokatzeko ez da hainbeste jakin behar, eta gainera oso ondo pasa dezakezu. Nire aldetik, lau urte nituela hasi nintzen xakean jokatzen, beraz, ez dakit esaten zer alde dagoen xakean aritzetik ez aritzera. Hori bai, adibidez memoria lantzeko onuragarria izan daiteke. Bestalde, zahartzaroari dagokionez, alzheimerra ekiditen lagundu dezakeela erakutsi du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!