11 familia behar dituzte udan haur sahararrak hartzeko

Ataria 2023ko martxoaren 23a

15 haur sahararrek uda Tolosaldean igarotzea nahi du Tolosaldea Sahararekin elkarteak, eta horretarako, eskualdeko 11 familia behar dituztela adierazi du.

Tolosaldeko Oporrak Bakean 2023 martxan da, Uda Bateko Besarkada lelopean. Aurten 21. uda beteko da haur sahararrak eskualdera etortzen direla. Tolosaldea Sahararekin elkartearen ardurapean dago Oporrak Bakean programa, 20 urteren ondoren, Tolosako Udalak beraien esku utzi baitu, eta elkartetik esan dutenez, «gure apustua 15 enbaxadore txiki gure herrietara ekartzea da, baina horretarako 11 familia behar ditugu». Programan parte hartu nahi duten familiek tolosaldeasahararekin@gmail. com helbidera idatzita edo 696 014 786 zenbakira deituta informazio gehiago eskuratu dezakete.

8 eta 12 urte bitarteko haur sahararrak etortzen dira programaren bitartez. «Errefuxiatu kanpamentuetan egiten duen berotik irteteko beharra dute —udan 55 gradutik gora—, ondo eta osasuntsu elikatu behar dute —elikadura eskasiak sortutako gaixotasunak sendatzeko, negu gogorrari aurre egiteko beharrezko bitaminak hartzeko—, eta medikuetatik pasatzeko beharra izaten dute», adierazi dute elkartetik.

Bere errealitatea zein den kontatzeko beharra ere badutela esan dute, eta «nahigabean saharar herriaren bozeramaile» izango direla, beraien erara jaio ziren unetik bizi duten egoera azalduko dutelako. «Modu batera edo bestera, Mendebaldeko Sahara okupatuan bizi diren osaba, izeba, lehengusuak, urrutiko senide eta lagunak bizi dutena azaltzen saiatuko dira. Beraien hitzetan gerra zer den azaltzen saiatuko dira; bere aita, anai edo lehengusu eta bizilagunak noiz behinka agurtu eta harresiaren ingurura joaten direla esango digute eta handik bueltatu arte ez dutela haien berri izaten».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!