Tolosaldeko ospitale publikoa

Osasun egoeraren inguruan eginiko galderei EAJk ez diela erantzun salatu dute

Ataria 2023ko mar. 22a, 19:59

TOPAk adierazi du EAJren hauteskunde-programan eskualdeko ospitalea proposamen garrantzitsuenetakoa izan arren, ez dakitela zer ezaugarri izango dituen.

TOPA Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak salatu du eraikitzea proposatzen duten ospitaleak zer ezaugarri izango dituen ez dakitela EAJ-ko kideek, eta Plan Funtzionalaren inguruan ere ez dutela informazio gehiagorik.

Plataformatik esan dutenez, Xarles Iturbe Tolosako EAJ-ren alkategaiarekin eta Jokin Azkue EAJ-ko ordezkariarekin bildu dira berriki, EAJ-k udal hauteskundeen harira martxan jarritako Izan Tolosa izeneko entzuketa eta elkarrizketa prozesuaren barruan. Hitzordua Tolosaldeko osasun egoerari buruzko hainbat galdera egiteko baliatu dute plataformako kideek. EAJ-ko arduradunek galderak aurrez jaso zituzten arren, TOPA-k salatu du bileran galdera gehienak ez zituztela erantzun. Dena den, «laster» erantzuteko konpromisoa jaso zutela esan dute, «herritarrek garbi izan dezaten gai hauetan alderdi honek zer defendatzen duen».

Eraiki asmo duten ospitaleaz galdetuta, zer ezaugarri izango dituen ez dakitela erantzun dietela esan dute TOPAko kideek: «hauteskunde-programan proposamen garrantzitsuenetako bat izan arren, ez zekiten zer ezaugarri izango dituen, eta ez dute informazio gehiagorik Plan Funtzionalari buruz. Hori bai, aitortu ziguten hura eraikitzea erabaki irmoa zela beren alderdian».

Tolosaldeko herritarrek jasotzen duten osasun arreta «txarra» ere jarri dute mahai gainean. «Urte askotan, gainerako eskualdeek baino kalitate txarragoko arreta jaso dugu, eta halaxe aitortzen dute osasun arduradunek, Donostia Ospitaleko zerbitzuburuek eta Tolosaldeko biztanleriaren zati handi batek (dagoeneko 1.800 sinadura bildu ditugu horri buruz), eta orain alderdi politiko guztiek ere bai, nahiz eta EAJ-k ukatu egin duen hori azken udal hauteskundeetara arte». TOPAren ustez, «kalitate eskaseko arreta hori», espezialista homologaturik ez egotearen ondorioa da, eta era berean, «agerian uzten du Osakidetzarekin sinatutako hitzarmenaren kontrolik eta jarraipenik eza». EAJ-ko ordezkariek erantzun diete hitzarmenak espezialista homologatuek artatzea jasotzen badu eta betetzen ez bada, hori salagarria dela. TOPAk adierazi du, ordea, «behin baino gehiagotan eta hainbat estamentutan» salatu dutela hori, baina ez duela aurrera egin.

HAUTESKUNDE LEHIATIK AT

Beste hainbat galdera eta zalantza jarri zituztela mahai gainean hitzordu hartan esan dute TOPAko kideek, baina horietan ez dutela erantzunik jaso salatu dute.

Batetik, eskualdeko ospitale berria martxan jartzerako hamar urte gutxienez igaroko direla aurreikusi dutela kontuan hartuta, herritarrek Donostian artatuak izateko aukera defendatzen ote duten jakin nahi zuten. Bestetik, Asuncion klinikak etorkizunean izango duen egitekoaz edota bertako langileen etorkizunaz galdetu zieten. Osasun sailak «aspalditik» Tolosaldearekin duen «zor historikoarekin» zer egiteko asmoa duten ere jakin nahi izan zuten; «ez da eskualdeko ospitalerik eraiki, eta, gainera, urtero, Osasun Aurrekontuetan Tolosaldeari Debagoienari baino 12-19 milioi euro gutxiago esleitu zaizkio, antzeko biztanle kopurua izanda. Horrek esan nahi du Tolosaldeak 250 milioi gutxiago jaso dituela, Debagoienarekin alderatuta».

TOPAtik EAJ-ko ordezkariei helarazi diete ospitalearen gaiak «biztanleriaren sektore guztiei» eragiten dienez, herritar guztiek bat egin beharko luketela eta ez litzatekeela hauteskunde lehian sartu beharko. Horren harira, manifestazio bateratu batean parte hartzeko prest egongo ote liratekeen galdetu zieten EAJ-ko kideei: «eskualdeko alderdi politiko guztiek, eskualdeko alkate guztiek, sindikatu guztiek, gizarte-mugimenduek eta era guztietako elkarteek lagunduta, eskualdeko ospitale publiko bat lortzeko, eta bien bitartean Donostiako Ospitalean artatuak izateko aukera izatea eskatzeko». Bada, proposamen horrek ere ez zuela erantzunik jaso adierazi dute plataformatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!