Gehigarria: Lanbide Heziketa

«Erronkak talde lana eginez gainditzen dira»

Ataria 2023ko mar. 26a, 10:00

Salome Aranguren Beristainek (Azpeitia, 1980) kimika industriala ikasi zuen Don Boscon. Lana eta ikasketak uztartzea momentu batzuetan gogorra dela dio, baina ez da hartutako erabakiarekin damutzen.

Zergatik aukeratu zenuen Lanbide Heziketara jotzea?
Nire bizitzako zenbait gertaeren ostean, errutina batean erorita nengoela esan daiteke. Lanean urte asko neramatzan eta auto istripu baten ondoren, bizkarreko arazoak medio, denbora asko izan nuen pentsatzeko. Hor konturatu nintzen ez nengoela gustura neukan bizitzarekin. Enpresa batean egiten dut lan eta bertan ikusten nituen prozesu eta produktu kimikoek nire kuriositatea piztu zuten.

Balio izan al dizu ikasitakoak lanean?
Lanean balio izan dit eta aldi berean, lanak balio izan dit ikasketetarako. Egunero produktu kimiko eta prozesu kimiko asko ikusten ditut, eta horrek ikasten ari nintzena ulertzen lagundu dit.

Zer esango zenuke Lanbide Heziketari buruz?
Lanbide Heziketari buruz gauza onak bakarrik esan ditzaket. Nire esperientzia da gaur egungo gazteak lan mundura oso ondo bideratuta ateratzen direla ikastetxetik. Ikasitako gaiak alde batera utzita, beste balio asko erakusten eta lantzen dira: elkarri laguntzea eta gaur egunean hain garrantzitsua den talde lana, adibidez. Lanbide Heziketako erronkak talde lanaren bidez egin eta gainditzen dira, partaide bakoitzak paper bat hatzen du eta oso lagungarria da. Ni adibidez ez nintzen gai jende aurrean hitz egiteko eta orain ez dut arazorik jende aurrean lanari buruzko hitzaldi bat eskaintzeko.

Gustura zaude egindako apustuarekin?
Oso gustura. Ikasitakoaz gain bidean aurkitu eta ezagutu dudan jendeak, irakasle eta ikasleek, izugarri aberastu dute nire bizitza. Hasieran beldur nintzen aspaldi ikasketetan murgildu gabe nengoelako, baina nire aurreiritzi guztiak atzean utzi, eta guztiz kontrakoa aurkitu nuen.

Lanbide Heziketa gomendatuko zenuke?
Guztiz. Nire kasuan inflexio puntu bat izan zen bertara bultzatu ninduena. Urte asko neramatzan lanean, nire bizitzari buelta bat emateko beharra neukan eta lortu dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!