Datozen urteetan Lanbide Heziketan emango diren erronkei aurre egiteko ari dira lanean eskualdeko Lanbide Heziketa sarea osatzen duten bost ikastetxeetan. Bostek dute argi prestatzen jarraitu behar dutela: «Ikastetxe guztion artean erronka berriei aurre egiteko eskaintza zabala dugu, elkarrekin osagarria dena, inguruko behar sozioekonomikoei erantzuteko aukera dugularik». Lan mundura eta ematen ari diren aldaketara ari dira egokitzen eta ikasleak euskaraz prestatzen dituzte, kalitatezko formakuntza eskainiz. «Lanbide Heziketan helburu nagusietako bat lan munduratzea bada ere, gure ikasleetako askok ikasten jarraitzea erabakitzen dute, eta Lanbide Heziketako ikasketek unibertsitateko ateak zabaltzeaz gain, bestelako espezializazio formatiboekin jarraitzeko aukera ematen dute», gehitu dute.
Izan ere, Lanbide Heziketako IV. Plana onartu berri da, eta aurreikuspenen arabera datozen 20 urteetan eraldaketa jasango du Lanbide Heziketak. Plan berriak hiru ardatz nagusi ditu; pertsonak, teknologia eta jasangarritasuna. «Ikasleen prestakuntzari begira teknologian sakontzeko premia jaso du planak, bai eta enpresen beharrei entzutea ere, ikaslea ardatz hartuta ikuspegi humanistatik».
Dual eskaintza
Hori guztia lortzeko jada martxan dagoen Dual eskaintza ari dira berritzen. Gaur egun Dual orokorra eta Dual intentsiboa daude.
Dual orokorra ikasketa ziklo guztira zabaldu dute, hau da, ikasleek lehen eta bigarren mailan egin ahal dituzte praktikak. Lehen mailako praktikaldia 150 ordukoa da eta bigarrengoa 360 ordukoa.
Dual intentsiboan ikasleek urtebeteko lan kontratu ordaindua dute. Ikasketen bigarren mailan egiten dira; ikasketen %75 praktiketako enpresan egiten da eta %25 ikastetxean. Beraz, urtebete irauten duen prozesuan ikasleak lana egiteaz gain, ikasten jarraitzen du.
Hori lortzeko eskualdeko Lanbide Heziketako bost zentroek harreman estua dute inguruko hainbat enpresa eta erakunderekin. Nippon Gases, Krafft, Algaloop, Agrozumos, Gikesa, Tecnalia, Limousin, Papresa, Gipuzkoako Foru Aldundia, Asuncion klinika, Goienetxe fundazioa... Asko dira Lanbide Heziketako ikastetxetara jotzen duten enpresak.
Abian den ikasturtean 1.213 ikasle daude bost ikastetxeetan eta ez bakarrik Tolosaldetik edo Gipuzkoatik iritsitakoak; Oarsoaldea, Donostialdea, Goierri edo Buruntzaldea eskualdetik ere etortzen dira Tolosaldera, eta baita Nafarroa, Bizkaia eta Arabatik ere. Arrazoi bat baino gehiago egongo dira, baina hizkuntzak zerikusia du, zalantzarik gabe. D eredua da nagusi eskualdeko ikastetxeetan.
Funtsean hortaz, lan munduarekin lotura estua eskaintzen duen formakuntza da Lanbide Heziketan eskaintzen dena, eta lan poltsa zaintzeaz gain, hainbat proiektu garatzen dituzte lan mundua ikasleei gerturatzeko.
IKASTETXEAK
- Don Bosco Lanbide Heziketa Zentro Integratu Publikoa
- Fraisoro Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratu Publikoa
- Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastola
- Peñascal Kooperatiba
- Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutu Integratua
Aurre matrikulatzea maiatzaren 8tik 26ra