Tolosaldeko EH Bilduk eskualdeko alkategaiak aurkeztu ditu

Ataria 2023ko mar. 21a, 19:36

Tolosaldeko EH Bilduk gaur aurkeztu ditu maiatzean izango diren udal hauteskundeetarako eskualdeko zenbait herritako hautatu dituen alkategaiak. Zerkausian egin duten ekitaldian izan da Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea eta bozeramailea.

Beatriz Unzue (Amasa-Villabona), Kristina Rodriguez (Aduna), Gorka Murua (Irura), Egoitz Luisa (Anoeta), Andu Martinez de Rituerto (Tolosa), Igor Zapirain (Ibarra), Andoni Zuriarrain (Berastegi), Joxe Ramon Izagirre (Leaburu-Txarama), Eider Olazar (Gaztelu), Iñaki Azpiroz (Lizartza), Gurutze Etxezabal (Orexa), Edurne Arraiet (Alegia), Mikel Arteaga (Amezketa), Migel Anjel Arsuaga (Orendain) eta Alba Garmendia (Ikaztegieta) izan dira ekitaldian parte hartu dutenak.

Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkategaiak hartu du hitza lehenik, eta «aldebakartasunez hartutako erabakiekin nekatuta» daudela adierazi du. «Denon parte hartzea izango duen udala nahi eta behar dugu, lankidetza publikoa izango duena, prozesuak herritarrekin batera burutuko dituena».

2019ko hauteskundeaz geroztik, oposizioan egotea egokitzen ari zaio Martinez de Rituertori. Udal gobernuaren aldetik «gardentasun falta nabaria» izaten ari dela salatu du. «Zer gertatu da duela lau urteko erronkekin? Osasun sistema hankaz gora dago, hirigintza proiektuetan kudeaketa herritarrekin egitea falta da, eta horri, gainera, kirol instalazioetako langileen afera gehitu behar zaio».

«Tolosaldeak Tolosa behar duen bezala, Tolosak Tolosaldea behar du», esan du Tolosako EH Bilduren bozeramaileak. Horri lotuta, eskualde mailarako hiru proiektu nabarmendu ditu: Eskualdeko ospitalea, Emakumeen Etxea eta Euskararen Mahaia. «Etorkizuna komunitatean eraiki nahi dugu», gaineratu du Martinez de Rituertok.

Alderdi ezkertiarrak Tolosan duen taldeko bozeramailearen atzetik, Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramaileak hartu du hitza. «Ziur lortuko dugula. Politikan ezinbestekoa da hitza ematea, baina baita betetzea ere, eta EH Bilduk beti betetzen du hitza. Erronka handiak ditugu aurretik, eta trantsizio bat marrazten hasteko unea da».

«Gobernatzea garrantzitsua bada ere, are garrantzitsuagoa da nola gobernatzen duzun», azaldu du Iriartek, eta segidan, alkategaiei zuzendu die hitza: «Berme handia zarete; pribilegio bat da zuekin alderdia osatzea. Badugu non begiratu eta nondik ikasi. Honaino, herri hau ekarri duzuelako, badakizue nola egin»

Hiru gai nagusi aipatu ditu legebiltzarkideak. Batetik, zahartzaroaz aritu da. 2030erako, Gipuzkoako herritarren laurdenak baino gehiagok 65 urtetik gora izango dituela aurreratu du. «Horregatik, politikan ezinbestekoa da egoerei aurre hartzea. Herritarren ongizatea bermatu behar dugu, eta horretarako inbertsioak egitea baino, garrantzitsuagoa da inbertsio horiek nola egiten diren erabakitzea». Bestetik, osasun zerbitzu publikoak eskura izatea «beharrezkoa» dela nabarmendu du, eta esan du Tolosaldea dela horrelakorik ez duen «Gipuzkoako eskualde bakarra». Azkenik, desindustrializazioaz mintzatu da. «Eustaten datuen arabera, 2009tik 2019ra bitarte, milaka lanpostu galdu ziren Gipuzkoan», salatu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!