Lanbide Heziketako eskaintza ezagutzeko

Ataria 2023ko martxoaren 21a

Tolosaldeko VIII. Lanbide Heziketa Azoka egingo dute ostiralean, 09:00etatik 14:00etara, Tolosako Trianguloa plazan.

Tolosaldeko Lanbide Heziketa ikastetxeen eskaintza ezagutzeko aukera izango da ostiralean, Tolosan. VIII. Lanbide Heziketa Azoka egingo dute Lanbide Heziketako eskualdeko bost ikastetxeek Tolosaldea LHII, Fraisoro Eskola, Don Bosco LHII, Peñascal Kooperatiba eta Inmakulada Lanbide Heziketa Ikastola eta ikastetxe bakoitzaren zikloen berri jasotzeaz gain, familia profesional ezberdinetako arduradunek azalpenak emango dituzte. Azoka 09:00etatik 14:00etara izango da Trianguloa plazan.

Hitzordua DBH eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta dago, eta Tolosa, Anoeta, Villabona, Alegia eta Ibarrako, eta eskualdetik kanpoko Andoain, Leitza eta Orioko, 10 ikastetxe gerturatuko dira Tolosara, 450 ikasle inguru, eta 10 orientatzaile ere egongo dira. Ikasle guzti horiek beraz, Lanbide Heziketako ikasketen eskaintza ezagutzeko aukera izango dute eta Lanbide Heziketan ikasteko baldintzen eta aukeren inguruko informazioa jasoko dute. Azokan Lanbide Heziketako ikasleak ere egongo dira, eta euren azalpenak jaso ahal izango dituzte, eta eskoletako arduradunek esku-orriak, liburuxkak eta bestelako informazio euskarriak eramango dituzte interesa dutenen artean banatzeko. Ikasketei lotutako saio praktikoak ere ikusi ahalko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!