Oihana Zubillaga hirugarren, VII. Kolazinoko Mendi Eguna lasterketan

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 20a, 13:59

Soronea-Ammma taldeko korrikalari anoetarrak 2 ordu, 38 minutu eta 50 segundo behar izan zituen 24 kilometroko luzera eta 1.700 metroko desnibel positiboa zuen proba burutzeko. Junior mailako lasterketan, Alpino Uzturre taldeko Irene Iturria tolosarra izan zen txapeldun.

Bedian (Bizkaia) jokatu zen lasterketa, larunbatean, eta Euskal Mendizale Federazioaren Koparako puntuagarria izan zen. Alluitz Mendi Taldeko Oihana Azkorbebeitiak irabazi zuen lasterketa (2.32.07) eta Domusa Teknik Team taldeko Ainara Urrutia izan zen bigarren (2.35.38).  Oihana Zubillaga, gainera, senior kategoriako emakumezko azkarrena izan zen. Gizonezkoetan, Aitor Zunzunegik, Imanol Larrañagak eta Asier Larruzeak osatu zuten podiuma.

Junior mailako lasterketan, Alpino Uzturre taldeko Irene Iturria tolosarra izan zen txapeldun. 16 kilometroko luzera eta 900 metroko desnibel positiboa zuen proba izan zen, eta Iturriak ordubete, 39 minutu eta 19 segundo behar izan zituen osatzeko. Gaikar Zortzietakoak taldeko Ania Hernandez izan zen bigarren (1.45.01) eta Jiorings Running Team taldeko Bego Uriarte hirugarren (1.46.25).

Axier Artola bigarren, Arriaranen

Larunbatean, X. Arriarango Mendi Lasterketa - Xabier Mendizabalen Oroimenezkoa proba jokatu zen Beasainen. Eskualdeko zenbait korrikalarik parte hartu zuten bi lasterketetan, luzean (23 kilometro) eta motzean (11 kilometro). Motzean, Eki Imaz aguraindarra izan zen garailea (45.49), eta bigarren Axier Artola amezketarra helmugaratu zen (46.46). Aimar Larrea antzuolarra izan zen hirugarren (47.28). Jokin Tolosa anoetarra laugarren izan zen, podiumeko hirugarren postutik oso gertu (47.49).

Sarah Ugarte ere txapeldunorde, Aiegin

Atzo, bestetik, Jurramendi Trail Montejurra lasterketa jokatu zen Aiegin (Nafarroa). 27 kilometroko luzera eta 1.800 metroko desnibel positiboa izan zuen probak. Sarah Ugarte tolosarra bigarren izan zen 3.15.02ko denborarekin. Naiara Irigoyen burlatarra izan zen irabazlea, 2.53.47ko denbora eginda. Nuria Mendivi orkoiendarrak osatu zuen podiuma (3.18.09).

Colomo eta Lopez, Lekunberrin

Azkenik, atzo, XXXIII. Lekunberriko Krosa - Txikito de Arruitzen Oroimenezkoa lasterketa jokatu zen Lekunberrin (Nafarroa). Bi lasterketa izan ziren, luzea (9 kilometro) eta motza (4,5 kilometro). Emakumezkoen kategorian, eskualdeko bi korrikalari igo ziren podiumera. Lasterketa luzean, Lourdes Colomo zizurkildarra hirugarren izan zen (39.10), Maitane Melero irabazlearengandik lau minutu eta zortzi segundora. Lasterketa motzean, Sandra Lopez ibartarra hirugarren izan zen (20.56), Marta Muñoz irabazlearengandik bi minutu eta zortzi segundora.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!