Altuna III.a eta Tolosa finaletik garaipen bakarrera

Ataria 2023ko martxoaren 20a

Jon Ander Peña ez da eskuz binakako txapelketaren finalean egongo. Laso-Imaz, aldiz, azken partida horretarako sailkatu dira.

Finalerdietako ligaxka amaitzeko azken jardunaldia geratzen da. Bertan erabakiko da Laso-Imazen aurka nortzuk jokatuko duten finala. Bi bikotek dute horretarako aukera: Altuna III-Tolosak eta Elordi-Zabaletak. Hain justu, bi bikote horiek elkarren aurka jokatuko dute martxoaren 26an, igandean. Finalerako txartela balioko duen partida hori Bilboko Bizkaia pilotalekuan izango da, 17:00etan hasiko den jaialdian.

Jardunaldi erabakigarria

Jon Ander Peñarentzat ligaxkako bigarren jardunaldia erabakigarria izan da, txapelaren lehiari agur esan baitio tolosarrak. Mariezkurrena II.arekin bikotea osatuz, 22-15 galdu zuten atzo Eibarko Astelena pilotalekuan, Jokin Altuna eta Xabier Tolosaren aurka. Gakoa galdutako pilotetan egon zen. Peña II-Mariezkurrenak 15 pilota galdu zituzten, Altuna III-Tolosak, zazpi.

Garaipen horrekin irabazleek txapela euren eskuetan dute. Geratzen zaizkien bi partidak irabaziz gero, amezketarra eta tolosarra izango dira txapeldun. Hurrengo partida Bilbokoa izango dute, finala, aldiz, apirilaren 2an jokatuko da Iruñeko Nafarroa Arenan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!