62.410 metro karratuko azalera izango du Apattako industriagune berrituak

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 17a, 20:00
Argazkia: Tolosako Udala.

Behin betikoz onartu dituzte Apatta industriagunearen 2. fasearen garapenerako Plan Berezia eta Urbanizatze Jarduketa Programa. Enpresa berriak bertan koka daitezen sustatu nahi dute.

Tolosako Udalak legealdi osoan zehar izan duen «helburu estrategikoa» izan da tokiko garapen ekonomikoa sustatzea. «Industria, eskualdeko motor nagusia izanik, lehentasunezkoa izan da Apatta Industriagunearen bigarren fasea aurrera eramateko beharrezkoak diren hirigintza-plangintzarako tresnak izapidetzea. Gauzak horrela, azken urteetan plangintza ugari garatu eta onartu ditugu, hirigintza lanei datozen urteetan hasiera eman ahal izateko», adierazi dute.

Ibarrako Apatta industrialdearen 18.1. azpieremua garatzeko, udalak era koordinatuan eta elkarlanean lan egin du Tolosaldeko Apattaerreka Industria Lurra SA soziedade publikoarekin eta Ibarrako Udalarekin. Izan ere, bigarren fase honetako orubeak Ibarran eta Tolosan kokatuta daude. Ibarrako zatian, 30.817 metro karratuko zorua garatuko da; Tolosako eremuan, berriz, 31.593 metro karratu bideratuko dira industria erabilerara. Guztira, 62.410 metro karratuko azalera izango du industriagune berriak.

Industriara bideratutako orubeak sortzea da helburu nagusia. Industria pabiloiez gain, berdegunerako espazioa ere sortzea aurreikusita dago. «Legealdi honetan, aurrerapauso garrantzitsuak egin dira industriagunea egikaritzeko. Aurreko legealdian abiatutako betelanak amaitzear daude eta eremuaren garapenerako Hiri Antolamenduko Plan Berezia garatu eta onartu dugu, Urbanizatze Jarduketa Programa izapidetu eta behin betikoz onartu da, eta abiatuta daude Urbanizazio Proiektua eta Industrialdeko Mugikortasun Plana garatzeko lanketak ere».

Urbanizazio Proiektua eta Industrialdeko Mugikortasun Plana behin betiko onartzea izango da hurrengo urratsa, eta ondoren ekingo zaie eremua urbanizatzeko lanei. Landutako proiektuaren arabera urbanizazio obren gastua 9.778.191,52 eurokoa izango da (BEZ barne). Eremua urbanizatzeko lanekin amaitu ostean, partzelak eskuragarri jarriko dituzte, enpresa berriak Tolosan eta eskualdean koka daitezen ahalbideratu eta sustatzeko, eskualdearen industria izaera sendotu eta kalitatezko enplegua bultzatzen jarraitzeko helburuarekin.

Apatta industriaguneak hartuko duen azalera:

Argazkia: Tolosako Udala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!