Irrilekuak antolatu ditu Irrika aisialdi taldeak Ollogoionen

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 16a, 11:58

Aste honetan aisialdi taldeko kideek izango dute lehentasuna izen ematerakoan eta martxoaren 22tik 30era gainerako haur eta gazte guztiek izango dute aukera

Aiztondoko Irrika aisialdi taldeak Irrilekuak antolatu ditu, ekainaren 24tik uztailaren 22ra lau txandatan banatuta. Lizarraldeko Ollogoien herrian Villabonako Jesusen Bihotza parrokiak duen etxea alokatuko du aisialdi taldeak bertan udaleku itxiak antolatzeko. Bailarako gaztetxoek egunotan egin beharko dituzte izen emateak: Irrikako kide direnek igandera arteko epea izango dute eta gainerakoek martxoaren 22tik 30era bitartekoa.

Irrika aisialdi taldeko Nekane Aizpunen iritzian gazteentzat aukera «polita» da udaleku itxiena: «Herriko edo bailarako lagun berriak egiteko aukera izaten dute eta elkarbizitza sustatzeko haientzat astebeteko egonaldia oso aberasgarria izaten da». Txanda bakoitzeko zuzendari bat, sei begirale eta bi sukaldari egongo dira gaztetxoekin batera. «Udaleku itxietan, txanda bakoitzean gehienez 40 umeentzako tokia egongo da; ez dakigu txanda guztiak beteko diren, baina hori nahi genuke», dio Aizpunek.

Ollogoien herri txikia izanik udaleku itxietarako ekintza ugari prestatuko dituzte Irrika aisialdi taldeko begiraleek: «Udan joango gara, beraz, igerilekura bizpahiru irteera egiteko aukera izango dute eta mendi irteerak eta jolas ezberdinak prestatuko ditugu». Aizpunek aurreratu duenez, gauerako ere prestatuko dituzte ekintzak, eta argi kutsadurarik gabe, izarrak ikusteko aukera «paregabea» izango dute parte hartzen duten gaztetxoek.

TXANDAK ADINKA BANATUTA

80ko hamarkada hasieran eskuratu zuen Villabonako parrokiak Ollogoiengo etxea, eta ordutik, pandemia garaira arte, etenik gabe antolatu dira udaleku itxiak bertan. «Bailarako jende asko pasa da bertatik eta gaur egun joateko adinean dauden ume askoren gurasoak egonda daude bertan». 2019an egokitu zuten azkeneko aldiz etxea eta «txukun» dagoela aipatu du Aizpunek, baina nabarmendu du «luxurik gabekoa» dela. «Horixe da haurrei ere transmititu nahi dieguna: ezer gutxirekin ondo pasa daitekeela, ez dugula gauza materialen hainbesteko beharrik».

Astebetean gainera, udaleku itxietan parte hartzen duten gaztetxoek, eguneroko elkarbizitza nolakoa den ikusi eta ardura txikiak hartzeko aukera izango dute. «Guretzako esperientzia ahaztezina izan zen udaleku itxietan parte hartu eta Ollogoienen egonaldiak egitea eta nahi genuke gaur egungo bailarako gaztetxoek ere esperientzia hori bizi ahal izatea».

Lau txanda antolatu dituzte Irrilekuak 2023rako. Ekainaren 24tik uztailaren 1era 2014, 2013 eta 2012. urteetan jaiotako haurrek hartu ahal izango dute parte; uztailaren 1etik uztailaren 8ra 2013, 2012 eta 2011. urteetan jaiotakoek; uztailaren 8tik uztailaren 15era 2011, 2010eta 2009. urteetan jaiotakoek; eta uztailaren 15etik uztailaren 22ra 2010, 2009 eta 2008. urteetan jaiotakoek. «Villabonako Santio jaietarako itzuliko gara guztiak», esan du Aizpunek. Irrika aisialdi taldeetan izena emanda dauden umeek aste honetan izango dute udaleku itxietan apuntatzeko aukera eta Aiztondoko beste ume guztiek, martxoaren 22tik 30era izango dute zabalik izen ematea. Orain aurre-matrikulazioa egin eta behin plaza guztiak esleitu ondoren egin beharko da ordainketa. Astebeteko egonaldiagatik ume bakoitzak 290 euro ordaindu beharko ditu. Irrika aisialdi taldeak zabaldu duen labur.eus/irrilekuak2023 estekan topatutako formularioa beteta egin beharko dira izen emateak.

Irrika aisialdi taldeko kideen indarrak, une honetan, udaleku itxia antolatzen jarrita daude. «Uda parterako eskaera gehiago ere jaso ditugu, baina oraingoz ez gara horretan pentsatzen jarri. Udaleku itxi hauek antolatzen zentratuko gara eta ikusiko dugu beranduago zer gehiago egin dezakegun», aipatu du Aizpunek.

Bailarako ume guztientzat zabaldu dute gonbita Irrika aisialdi taldetik. «Irrilekuetan parte hartu eta eta udaraz gozatu». Lelo horrekin luzatu diete deialdia Aiztondo bailarako ume eta gazte guztiei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!