Txirrindulari lasterketen egutegia zabalik da berriro

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 15a, 16:00
I. Kadeteen Zizurkil Saria probaren hasiera, igandean.

Diru poltsa bat sortu da moto-loturek izan ditzaketen istripu gastuei aurre egiteko. Igandean Danenak lasterketa bat antolatu zuen moto-loturik gabe.

Gipuzkoan berriro ere txirrindulari lasterketak egiteko aukera zabaldu da. Moto-loturek plantoa egin zuten, istripuren bat izanez gero, motoen konponketa ez zutelako bermatuta. Tolosako Oriako Txirrindulari Eskolako lehendakaria den Aitor Aiertzak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzarekin bilerak izan dira eta diru poltsa bat sortu da, motozaleen baliabideetan kalteren bat suertatuz gero horrekin babestuta egoteko. Moto loturen taldekoek baiezkoa eman diote, eta orain Eusko Jaurlaritzaren zain daude diru poltsa horren hornitzea nola gauzatuko den jakiteko. Bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiak bermatutako du diru poltsa hori.

Geldialdiak asteburu bateko eragina suposatu die Oriako Txirrindulari Eskolakoei, martxoaren 4 eta 5ekoa. «Aurreko asteburuan kadeteek Zizurkilen izan ziren, eta juniorrak Altsasun», esan du Aiertzatk. «Eta asteburu honetan normal hasten gara. Larunbatean kadete eta jubenilen karrera dugu, eta igandean emakumezkoek Beasainen Espainiako Kopa dute». Bertan behera geratu diren lasterketak Gipuzkoan egutegian sartu dituzte. «Lasterketa kopuruari dagokionez, ez digu gehiegi eragin. Batez ere izan da txirrindulariek bizi izan duten urduritasun hori, lasterketak egingo ote ziren ala ez jakin gabe egotea».

Eragin handiena afizionatu mailako Aiztondo Klasikoa ez ospatu izana izan da, bai eskualdeko lasterketei zein euskal egutegiari dagokionez. Martxoaren 12an ospatzekoa zen, eta orain astebete bideratu bazen ere moto loturen egoera, Aiztondo Klasikoaren antolakuntzarentzat beranduegi zen dagoeneko bertan behera utzi zuten probaren antolaketa berriro martxan jartzeko.

Txirrindulari proba bat antolatzeak suposatzen duen antolakuntza esfortzua handia dela nabarmendu du Aiertzak: «Errepidean ibiltzen dira txirrindulariak, eta hor trafikoa dago, eta horrek arazo handia suposatzen du. Gainera, hemen N-1 errepidea dugu, eta hori ia ezinezkoa da ukitzea guretzat». Gaur gaurkoz, Oriakok antolatzen dituen probak guztiak aurten egingo dira, eta, horrez gain, zenbait urtez egin ez den Abraham Olano Martxa Zikloturista ere egingo da. Ekainaren 4an izango da proba hori.

I. KADETEEN ZIZURKIL SARIA

Ander Altuna Zizurkilgo Danena Kirol Elkarteko txirrindularitza ataleko arduradunak azaldu duenez, moto-loturen plantoak «pixka bat sorpresaz» harrapatu zien: «Bilera batzuk egin genituen eta ikusi genuen Beasaingo kadeteen lasterketa bertan behera geratu zela, eta hemengo Aiztondo Klasikoa ere bertan behera geratu zela, eta gure kadeteak lasterketarik gabe ez geratzearen aldeko erabakia hartu genuen. Beraz, Zizurkilen lehen aldiz kadeteentzako lasterketa bat antolatzea erabaki genuen».

I. Kadeteen Zizurkil Saria izena jarri zioten eta igandean egin zen, formatu berri batekin. «Sei kilometro zituen zirkuitu bati zazpi itzuli eman zioten txirrindulariek. Zirkuitu itxia izan zen, Ertzaintzarekin adostuta, eta boluntarioei esker kudeatu ahal izan genuena, moto-loturen beharrik gabe», esan du Altunak. «Oso positiboa izan zen lasterketaren balantzea. Egoerak guri eragin diguna da guk aurrera atera behar izan dugula lasterketa bat gure kadeteek probak izateko, ikusita ingurukoak bertan behera geratzen ari zirela». Motu-loturen afera bideratu izana «albiste pozgarria» dela esan du Altunak: «Azkenean guri inporta zaiguna batez ere da gure txirrindulariek lasterkak izatea eta orain arte bezala, astebururo-astebururo maite digun kirol hau egiteko aukera izatea».

Kirol emaitzari dagokionez, Danena Kirol Elkarteko Eñaut Urkaregi larrauldarrak irabazi zuen igandeko proba. Lasterketan zehar mugimendu dezente izan zen, eta azkenean talde bat osatu zen ihesaldian. Urkaregik aukera izan zuen talde horretara iristeko, eta azken itzulietan taldetxo bat izan zen aurrean eutsi ziona, eta beraien artean jokatu zuten proba esprintean. Azkarrena Danenako txirrindularia izan zen, garaipena gogoz ospatuz. Bigarrena Unai Moran (Cafe Dromedario Flotamet) izan zen eta Ekain Lizeaga (Zatika Goierri) hirugarren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!