Errigorako produktuak erosteko aukera zabalik

Ataria 2023ko martxoaren 15a

'Bat egin Errigora Balioekin' leloarekin burutuko da kanpaina, hilaren 29ra arte; eskualdean jasotzeko hamalau puntu daude.

Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina martxan da, eta hilaren 29ra arte bertako oliba-olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta, lekaleak eta fruitu lehorrak eskatu ahalko dira. Nabarmendu dutenez, produktu guztiak «kalitate bikainekoak» dira, eta denek dute Errigora Balioak berme-zigilua.

Hain justu, aurtengo kanpainaren leloa Bat egin Errigora Balioekin da. Euskarazko etiketetan ematen da berme-zigiluaren berri, eta Errigorako arduradunek zigiluak duen esanahiari eman diote garrantzia: «Berme zigilu horrek produktuak lau balio (gutxienez) badituela ziurtatzen du: Euskara, Auzolana, Bertakotasuna eta Nekazariekiko harreman bidezkoa». Horregatik, herritarrei dei egin diete «bestela» kontsumitzeko, Errigora Balioen arabera kontsumitzeko: «bertako elikagaien alde, euskaraz, auzolanean eta ekoizpenean harreman bidezkoak sustatuz. Gainera, bultzada bat suposatzen du ekoizleek elkarlanean hasitako Errigora Balioak identifikatzailearentzat, abiapuntuko lau balioetan edota berrietan sakontzeko».

Bestalde, urtero moduan kanpaina aurrera ateratzeko izan duten «ehunka boluntarioen laguntza eskertu dute: «Gainera, AEK, Sortzen eta Ikastolen Elkartearekin batera ehunka herritan egin ahalko da produktuen eskaera. Produktu horiek herritarren eguneroko kontsumora ekartzeko eredu honi jarraikiz urte osorako despentsak betetzeko unea da».

Eskaerak Errigorako webgunean (Errigora.eus) egin beharko dira. Eta produktuak jasotzeko eskualdean inoiz baino puntu gehiago izango dira, aurten, Tolosaldeko 14 herritan jaso ahalko baitira: Abaltzisketa, Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Orexa, Tolosa eta Zizurkil.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!