Eñaut Urkaregik irabazi du I. Kadeteen Zizurkil Saria

Ataria 2023ko martxoaren 14a

Danena Kirol Elkarteak antolatu du lehen aldiz proba, eta bertako txirrindulari larrauldarra izan da irabazlea.

Zirkuitu bati hainbat itzuli emanez osatu zituzten txirrindulariek 42 kilometroak. Proban zehar mugimendu dezente izan da, eta talde bat osatu da ihesaldian. Urkaregik aukera izan du ihesaldira iristeko, eta azken itzulietan taldetxo bat izan da aurrean eutsi diona, eta beraien artean jokatu dute proba esprintean. Azkarrena Danenako txirrindularia izan da, garaipena gogoz ospatuz. Bigarrena Unai Moran (Cafe Dromedario Flotamet) izan da eta Ekain Lizeaga (Zatika Goierri) hirugarren.

Danena Kirol Elkarteak ez zuen lasterketa hori aurreikusita aurtengo egutegian. Moto loturen plantoaren ondoren erabaki zuen elkarteak kadete mailako proba bat antolatzea, zirkuitu itxi batean eta moto loturen parte hartzearen beharrik gabe. Txirrindulari gazteek probetan parte hartzea ahalbidetu nahi zuen Danenak I. Kadeteen Zizurkilgo Saria antolatuz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!