Antzerkialdia antolatu dute lehen aldiz Aiztondo bailaran

Jon Miranda Labaien 2023ko mar. 13a, 19:59

Asteazkenetik martxoaren 30era bitartean 10 antzerki saio eskainiko dituzte Adunan, Asteasun eta Zizurkilen; haur, gazte eta helduentzako saioak izango dira

Asteazkenean emango zaio hasiera I. Antzerkialdiari Aiztondo bailaran, eta orotara, 10 saio egingo dituzte Adunan, Asteasun eta Zizurkilen. Antzerki zikloa aurkeztu dute Atxulondo kultur etxean eta bertan bildu dira hiru herrietako alkate eta kultur teknikariak.

Orain arte Zizurkilen Antzerki Astea egin izan dute, baina aurten jauzia eman eta ekimena bailarara zabaltzea erabaki dute antolatzaileek. Iker Urruzola Zizurkilgo alkateak nabarmendu duenez «oso pozgarria» da antzerki programazio bat bailarako beste bi herriekin konpartitu ahal izatea. «Kalitatezko antzerki eskaintza zabalaz gozatu ahal izango dute herritarrek».

Lankidetzaren emaitza da I. Antzerkialdia eta horrela azpimarratu du Josu Amilibia Adunako alkateak. «Emanaldiak hiru herrietan antolatzeak, herritarrak herri batetik bestera mugitzeko aukera emango digu, bailarako beste herriak bisitatzeko aukera». Amilibiaren ustez, herritarren arteko harremanak sendotzeko balioko du antzerki ziklo honek. Hain justu, Adunan asteazkenean abiatuko da Antzerkialdia eta bi emanaldi izango dira. Lehena 4 urtetik gorakoentzat izango da eta bigarrena berriz, 16 urtetik gorakoentzat.

Asteasun hiru saio eskainiko dituzte programazioaren barruan: bi haurrentzako eta bat helduentzako. Pili Legarra Asteasuko alkateak aipatu du hiru herrietako bakoitzak horrelako programazio bat bere kabuz antolatzea «oso zaila» izango litzatekeela. «Baliabideak hobeto erabili eta horiei zuku handiagoa ateratzea da helburuetako bat. Aurrerantzean, Antzerkialdia bezalako ekimenekin bide horretan sakondu nahi genuke», esan du Legarrak.

Askotariko emanaldiak

Hamar saio egingo dituzte I. Antzerkialdiaren barruan eta mota guztietako publikoarentzat prestatutakoak izango dira. Ohitura duten bezala, Zizurkilen haurrentzako saioak eskainiko dituzte martxoaren 27an, 28an eta 29an. Eta horrekin batera, tradizio luzea duen beste emanaldi bat ere izango da hilaren 30ean, Antzerkialdia amaitzeko. Zizurkilgo eskoletako ikasleek eskainiko dituzte emanaldiak Atxulondo kultur etxean. Bi saio antolatu dituzte egun horretarako, 10:30ean eta 11:30ean.

Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo alkateek gonbidapena luzatu diete herritarrei antzerki emanaldietara gerturatzeko eta azpimarratu dute hiru udalerrien ahaleginak bateratzeak egin duela posible ekimen berri honen jaiotza. Urruzolak, hiru herrietako kultur teknikariei eskerrak eman dizkie antzerki programazioa antolatzen egindako lanagatik. 

I. Antzerkialdia

  • Martxoak 15, asteazkena
    • 11:30. Adunako herri eskolan, Aioko itzal antzerki eta txotxongiloak.
  • Martxoak 17, ostirala
    • 21:30. Adunako elizan, 16 urtetik gorakoentzat Esti Curielen 35 huts bakarrizketa.
  • Martxoak 21, asteartea
    • 15:00. Asteasun Gure Kanoa, HH4tik gorakoentzat Pello Errotan.
  • Martxoak 24, ostirala
    • 19:00. Asteasun helduentzat Andre Zaharren manifestua udaletxean.
  • Martxoak 25, larunbata
    • 20:00. Atxulondo kultur etxean helduentzat Intxaurrak lana.
  • Martxoak 27, astelehena
    • 11:00. Atxulondo kultur etxean HH3-5 urtekoentzat Kolorez kolore lana.
  • Martxoak 28, asteartea
    • 11:00. Atxulondo kultur etxean HH3koentzat Alpistegia.
  • Martxoak 29, asteazkena
    • 11:00. Urpekariak antzerki lana LH4-6koentzat Atxulondon.
  • Martxoak 30, osteguna
    • 10:30 eta 11:30. Ikastetxeen emanaldia Atxulondo kultur etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!