Tolosaldean zikloturismoa sustatzeko ekimena

Ataria 2023ko martxoaren 9a

Tolosaldean bizikletaz gozatzeko aukera ezberdinak bildu ditu Tolosaldea Garatzeneko Turismo sailak, eta zikloturismoko 2 ibilbide prestatu dituzte urte osoan bisitariak erakartzeko helburuarekin; batetik, Tolosaldetik igaroko den Tourreko etapa proposatu dute eta, bestetik, Itzuliarekin bat egiten duena.

Tolosaldean txirrindularitzak jarraitzaile asko ditu eta pasioz bizitzen dela dio eskualdeko garapen agentziako Turismo sailak. 2023. urtean Frantziako Tourreko eta Itzuliko etapak Tolosaldetik igaroko direnez, bertakoek egin ohi dituzten ibilbideak eskaini nahi izan dizkiete afizioa partekatzen duten bisitariei.

Honako helbidean bildu dituzte bizikletaz gozatzeko eskualdean ditugun aukera ezberdinak.

Bi ibilbide prestatu dituzte, kilometro gehiago egin nahi dituenak, biak jarraian egin ditzake egun berean eta gutxiagorekin nahikoa duenak berriz, egun ezberdinetarako plana izan dezake. Ibilbide horiek inguruko landa errepide lasaietatik igarotzen direla eta gure eskualdeko paisaia ederrez gozatzeko aukera paregabea eskaintzen dutela dio Turismo sailak.

Lehen ibilbidea

Lehen ibilbideak herri hauek zeharkatuko ditu: Tolosa - Anoeta - Villabona - Aduna - Zizurkil - Alkiza - Anoeta - Tolosa.  30,54 km-ko luzera eta 451 m-ko desnibel positiboa ditu. Ordu eta erdiko buelta da eta zailtasun ertaineko ibilbidea da.

Hemen ibilbidea deskargatzeko aukera.

Bigarren ibilbidea

Bigarren ibilbidea berriz, Tolosan hasten da eta Alegia, Orendain, Abaltzisketa, Amezketa eta Altzotik igaro ondoren Tolosan amaituko da berriro. 30,33 km-ko distantzia eta 541m-ko desnibel positiboa du. Ordu eta laurdenaren azpitik egin daiteke eta zailtasun maila ertaina du.

Hemen ibilbidea deskargatzeko aukera.

Basquetourren formakuntzak

Bestalde, sailak argitu du Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak, hainbat tailer antolatu dituela martxoan, enpresei beren zerbitzuak zikloturismora bideratzen laguntzeko. Izan ere, sektore horrek hazkunde handia aurreikusten du datozen urteetan. Zikloturistak, denek nahi dituzte, baina gutxik dakite nola konbentzitu izenburupean, egun erdiko tailer teoriko-praktiko honetan, enpresek bizikletan doazen pertsonen larruan jarri eta gai hauek landu ahal izango dituzte: zer behar duten, haien zerbitzuak nola egokitu, zikloturismoaren merkatua nola egituratzen den eta merkaturatzeko bide nagusiak zeintzuk diren.

Tailerrak Bilbo, Gasteiz eta Donostian izango dira. Bilbo eta Gasteizen martxoaren 13an izango dira eta Donostian berriz, martxoaren 14an. Bilbo eta Donostiako tailerrak 09:00etatik 13:00etarako ordutegia izango dute eta Gasteizkoa 15:00etatik 18:30era izango da.

Basquetour.eus webgunean eman daiteke izena.

 

  •  
  •  

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!